Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara batera joateko proposamenariEAJk egindako kritikei erantzun die ezker abertzaleak. Proposamenari muzin egin diote EAJko hainbat buruzagik azken egunotan, dela formularen egokitasuna eta zintzotasuna zalantzan jarri dutelako, dela arreta desbideratzeko mugimendutzat jo utelako. Ezker abertzaleak, ordea,EArekin eta Alternatibarekin batera egindako elkarlanerako eskaintzaren argudio eta arrazoiak mahai baten inguruan entzun eta eztabaidatzeko deia egin dio berriro EAJri. Azaroaren 20ko bozak Euskal Herrian hasitako aro politikoan sakontzeko aukera ezin hobea direla berretsi du ezker abertzaleak, eta, horregatik, «historiari aterik ez ixteko» eskatu die jeltzaleei.
Jeltzaleei erantzuteko kaleratutako prentsa oharrean, ezker abertzaleak gogoratu die historia garaikidean abertzaleen arteko elkarlanerako «aukera gehiegi» galdu direla. Hala, «borondate politikoa» egonez gero, azaroaren 20ko hauteskundeetan «herri gisa jarduteko aukera handia parez pare irekita» dagoela azpimarratu du, eta ez galtzeko deia egin du.
Izan ere, ezker abertzaleak zalantzarik ez duEspainiako Gorteetarako hauteskundeak Euskal Herrian hasi den «aldi politikoan sakontzeko aukera ezin hobea» direla; batetik, bake eta konponbide demokratikoen prozesua bueltarik gabea izan dadin balio dezaketelako, eta, bestetik, «jarrera subiranista eta aurrerakoietatik» aldaketa politiko eta sozialean aurrera egitea ekarriko duen atxikimendu soziala eta eztabaida politikoa sendotzea ekar dezakeelako.
Areago, udazkeneko bozak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako herritarrek «subjektu politiko bat» osatzen dutela aldarrikatzeko, eta Espainia eta Europarekin izan nahi dituen kanpo eta barne harremanek nolakoak izan behar duten erabakitzeko aukera ona direla iritzi dio ezker abertzaleak.
EAJren «aitzakiak»
EAJko buruzagiek, baina, ezker abertzalearen, EAren eta Alternatibaren proposamenaren zintzotasuna dudan jarri dute azken egunotan egindako adierazpenekin. Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, esaterako, eskaintza hori egin dutenen «hutsuneak eta lotsak estaltzeko kea» dela esan du.
Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko buruarentzat, bestalde, une honetako lehentasun garrantzitsuena bakerako oinarriak behin betiko ezartzea da, eta ez alderdi abertzaleen arteko aliantzak egitea. Gainera, buruzagi jeltzaleak EAJren eta ezker abertzalearen arteko diferentzia historikoak nabarmendu ditu proposamena auzitan jartzeko, eta galdetu du zer dela-eta den orain momentua Euskal Herriaren eskubide nazionalak defenditzeko eta ez lehenago.
Ezker abertzaleari, ordea, aliantza proposamenari muzin egiteko buruzagi jeltzaleek emandako arrazoiak «oinarririk gabeko aitzakiak» iruditzen zaizkio. Horiek hala, egindako kritikekin eta aliantza proposamena alboratzeko emandako argudioekin«ikuspuntu abertzale batetik justifikatzeko zaila den jarrera politikoa» hartzea leporatu dio EAJri.
Ezker abertzaleak azpimarratu duenez, abertzaleen arteko indarrak metatzeko proposamena «beto zein aldez aurreko bazterketarik gabekoa» eta «argia eta zintzoa» da. Gainera, ziur agertu da euskal gizartearen eremu zabal batean ez ezik, EAJren botoemaile askoren artean ere «harrera oso ona» izan duela eta «ilusioa» piztu duela.
Ezker abertzaleak iritzi dio EAJko hainbat buruzagik egindako kritikek ez diotela aliantza proposamenaren «oinarrizko auziari» erantzuten, eta, horregatik, honako galdera hau egin die jeltzaleei: «Zergatik uko egin herri modura dagokigun erabakitzeko eskubidearen defentsan indarrak metatzeari?».
«Historiari aterik ez ixteko» deia egin dio ezker abertzaleak EAJri
«Borondate politikoa» izanda bozetara «herri gisa» joateko aukera handia dagoela uste du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu