Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Hitz egitera «behartuak»

Antiguedadek dio EAJk aldatu egin beharko duela lan egiteko duen modua, eta akordioak Euskal Herrian egitera deitu duElkarlanaren alde azaldu da Erkoreka, baina «blokeen politika» baztertuta

jokin sagarzazu
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Indar abertzaleen arteko elkarlanerako ateak ireki ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeek Hego Euskal Herrian utzi duten mapa politikoak. Historian lehen aldiz, abertzaletasunak bi talde parlamentario izan ditzake Espainiako Kongresuan —Amaiurren kasuan Kongresuko Mahaiak erabakiko du—. Eta emaitza horiek, halaber, sendotu egin dute indar abertzaleek Hego Euskal Herrian duten gehiengoa.

Bi faktore horiek izan dituzte hizpide Amaiurreko eta EAJko buruzagiek igandeko hauteskundeen ostean egindako lehen balorazioetan. Hortik abiatuta, elkarlanerako mezuak bidali dizkiote elkarri bi alderdietako kideek, eta gai komunetan adostasuna lortzeko borondatea agertu dute. Eremu abertzalean hegemonia lortzeko lehia Espainiako Gorteetatik kanpo utzi dute, eta Madrilen elkarlanerako esparruak bilatzeko asmoa agertu.

Jeltzaleentzako mezuak izan ditu Amaiurrek. Koalizioaren arabera, igandeko emaitzak direla eta, Espainiako Kongresuan lan egiteko modua aldatu beharko du EAJk; batetik, PPk eskuratu duen gehiengo osoak diputatu jeltzaleen eragiteko ahalmena murriztu duelako, eta, bestetik, koalizioko diputatuak parez pare izango dituelako abertzaletasunaren aldarrikapenen defentsan.

Hori hala, Amaiurrek uste du elkarlanerako aukerak handitu egin direla, eta horrek jeltzaleen jarreran eragina izango duela. «Ez da hau lau edo bost transferentziaz hitz egiteko unea; [Espainiako Gobernuaren] ezezkoei aurre egiteko bide orri bat zehaztu behar dugu, eta lan hori hemen egin behar dugu, Euskal Herrian», adierazi du Iñaki Antiguedad Bizkaian hautatutako diputatu independentistak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.

Josu Erkoreka jeltzaleak ere nabarmendu du hauteskundeetako emaitzek eta, bereziki, Amaiurren presentziak, aldatu egingo dutela jeltzaleek orain arte Madrilen izan duten jokalmodea. «Egoera hau oso berezia da; agertokia aldatu da Madrilen, baita aliantzen esparrua ere», adierazi du.

Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, diputatu jeltzaleak iragarri du alderdi abertzaleen artean «elkarlanerako esparruak» sortuko direla Madrilen. «Euskadin posible izan da PSEren eta PPren arteko elkarlana, eta abertzaleen artean ere posible izango da hori», esan du. Hala ere, ohartarazi du jeltzaleen asmoa ez dela «blokeen politika» egitea. «Politika integratzaileak egitearen aldekoak gara gu. Etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko beharrezkoa izango da gizartearen sektore zabalak politika partekatu batera ekartzea», azaldu du.

Elkarlanerako une aproposa

Ideia hori da, hain zuzen ere, jeltzaleek 2015era begira lantzen hasiko diren estatus politiko berriaren oinarrietako bat, Erkorekak azaldu duenez. Hauteskunde kanpainan jeltzaleek nabarmendu dutenez, esparru politikoa aldatu nahi bada, gizarteko sektore zabalak erakarri behar dira egitasmo horretara, eta Euskal Herriko alderdi eta eragileen arteko akordio zabalen bidez gauzatu behar da hori.

Antiguedadentzat, positiboa da EAJk estatus politiko berri bat lortzeko proposamena egin izana. «EAJ 2015. urteaz mintzo da; goazen ba 2015 horretan dagoenaz hitz egitera eta horra nola hel gaitezkeen; badaude akordioak egiteko», nabarmendu du. Amaiurreko kidearen iritziz, bide hori zehazteko orduan oso garrantzitsua izango da Espainiako Gobernuaren «ezezkoak kudeatzeko» estrategia adostea. Hori egiteko une aproposa dela uste du, gainera. Antiguedaden arabera, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburu berriak, krisialdi ekonomikoaz gain «lurraldetasun krisiari» ere aurre egin beharko dio, eta aukera hori balia dezakete indar abertzaleek euren aldarrikapenak egiteko. «Hauteskundeek euskal lurraldeetan utzi duten argazkia aztertu egin beharko du Raxoik».

Eusko Alkartasunak ere egin du igandeko hauteskundeen inguruko interpretatzioa. Komunikabideei igorritako ohar batean, alderdiko zuzendaritza nazionalak nabarmendu du Amaiurren parte hartzeak garai berri bat irekiko duela erabakitzeko eskubidearen defentsan. «Inoizko ordezkaritza handiena izango dugu independentistok Madrilen. Horrek eramango gaitu gure lehen helburua betetzera: gure etorkizuna erabaki nahi duen herri gisa aurkeztera», adierazi du EAk.

«Amaiurrekin izan ezik»

Bestalde, igande gaueko diskurtsoan Mariano Raxoik Parlamentuko talde guztiekin hitz egingo zuela esan bazuen ere, atzo Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak zehaztu zuen «guztiekin» hitz egingo dutela «Amaiurrekin izan ezik». De Cospedalen arabera, Konstituzioak ez ditu Amaiurren helburuak «jasotzen, ez babesten», eta, beraz, PPk ez du Amaiurrekin hitz egiteko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.