Hitza bete eta Garoña ixteko exijitu diote Zapaterori

Energia nuklearra saihestu eta berriztagarrien alde egiteko eskatu dute ehunka lagunek Bilbon

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Energia nuklearraren aurka agertu ziren ehunka lagun atzo arratsean Bilboko kaleetan egindako manifestazioan. «Zentral nuklear guztiak ixteko eskatzen dugu, Garoñatik hasita. Hura baita zaharrena eta arriskutsuena», azaldu zuen Xabier Abian Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak. Nuklearrik ez lelopean abiatu ziren Arriaga plazatik, eta Euskadi plazan Iberdrolak duen dorretzarraren parera joan ziren.«Jo eta ke, Garoña itxi arte», «Amalurra defenda dezagun», «Ibertrola lapurra» eta antzeko aldarrikapenak entzun ziren. Manifestazio buruko pankartari eusten, esaterako, Periko Solabarria sindikalista historikoa zegoen. Manifestarien artean, ELAko Mikel Noval, LABeko Urtzi Ostolozaga eta EILASeko Ana Perez.

Atom kraft? Nein, danke (Nuklearrik? Ez, eskerrik asko) leloa alemanez irakur zitekeen pankarta zeraman Abianek manifestazioan. Eta Alemanian duela hiruzpalau aste gobernuak hartutako erabakia jarri zuen eredu gisa. «Zortzi zentralik zaharrenak orain ixtea erabaki dute, eta gainontzeko bederatziak datozen hamar urteetan. Gurean ere hori egin beharko litzatekeela uste dugu, Garoñatik hasita».

Izan ere, Abianen esanetan, Garoñako zentralak aspalditik itxita egon behar zuen. «Amortizatuta dago, eta negozioa egiten ari dira gure segurtasunaren kontura», salatu zuen.

Nuklearraren ordez, energia berriztagarriak proposatu zituzten. «Urtez urte gorantz doaz, baina oraindik ere ez zaie bultzada nahikoa eman». Horrekin batera, energia kontsumoa aldatu behar dela ere ohartarazi zuten. Alegia, gutxiago kontsumitzeko neurriak hartu eta horretara dirua bideratu behar dela azaldu zuen Abianek. Berriz ere Alemaniari erreparatu zion horren harira: «Nuklearrak ixterakoan, berriztagarriak bultzatzea ez ezik, etxebizitzak isolatzeko 150 milioi euro inbertitzea ere erabaki dute». Abianen esanetan, ausart jokatu behar da aldaketa horien alde. «%30-40 aurreztu arren, ez genuke bizi-kalitaterik galduko», adierazi zuen.

Fukushima eta Txernobyl

Japonian duela ehun bat egun izandako istripu nuklearra ere gomutatu zuten manifestazioan. Pankartetako batek Japoniarekin elkartasuna. Mehatxu nuklearraren aurka zioen. Manifestazioa Euskadi plazara iritsi zenean Fukushiman martxoaren 11n eta duela 25 urte Txernobylen gertatutako istripuak simulatu zituzten. Halako ezbehar nuklear batek eragiten dituen kalteak agerian utzi nahi izan zituzten, beste behin ere.

«Hiru hilabete igaro arren, Fukushimakoa kontrolik gabe dago, eta, enpresaren arabera, nukleoa hozteko urtebete beharko da», adierazi zuen Abianek. «Txernobylgoa SESBen gertatu zelako jazo zela esaten zuten. Baina Fukushimakoa punta-puntako teknologia duen herrialde batean gertatu da», ohartarazi zuen, arazoaren larritasuna azalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.