Komunikabideak

'Hitza', Goierrin

Gipuzkoako Goierri bailaran egunkari proiektu berria jarri da abian: gaur banatu da 'Goierriko Hitza'-ren 0 alea eskualdeko etxeetara. Egunero-egunero bailarako informazioa herritarrei euskara hutsean eskaintzea da proiektuaren helburua. Gaur 0 zenbakia zabaldu da, goierritarrei 'Hitza' nolakoa den erakusteko, baina urritik aurrera hasiko da eguneroko martxan. Eskualdeko herri aldizkarien, euskara elkarteen, gizarte eragileen eta Bertako Hedabideen artean osatu dute proiektua. 'Berria' argitaratzen duen EKT enpresaren baitakoa da Bertako Hedabideak. Zehazki, abian den bosgarren 'Hitza' da Goierrikoa; Tolosaldea eta Leitzaldekoa, Lea-Artibai eta Mutrikukoa, Oarsoaldekoa eta Urola-Kostakoa dira gainerakoak.

2004ko irailaren 11
16:30
Entzun
22 herritara iritsiko da Goierriko 'Hitza', hasi Legorretatik eta Legazpiraino; zehazki, Ataun, Beasain, Zegama, Zerain, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Gabiria, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Olaberria, Ordizia, Segura, Zaldibia, Arama, Altzaga, Mutiloa, Legorreta, Ormaiztegi, Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko berri emango du, asteartetik igandera.

“Kalitatea dugu helburu, pluralak izango gara eta euskaltzaleak”, diote egitasmoaren arduradunek. Aimar Maiz gabiriarra izango du zuzendari.

"Proiektu honek denen laguntza jaso behar du, besteak beste udalena, 'Hitza' hasieratik sendotzeko”. Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik laguntza jasoko dela espero dute, beste Hitzek jasotzen dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.