Ez daitezela modu desegokian erabil udalerriz gaindikoak ez diren proiektuetan”. Horixe jaso zuten Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeek —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra— akordio programatikoan, udalerriz gaindiko eragina duten planei buruz (UGEP).
UPNren aurreko gobernuek udalerriz gaindiko plantzat jotako hainbat proiektuk orduko oposizioko taldeen kezka eta kexa eragin zituzten. Donapeakoak sortu zuen zalapartarik handiena. Lanbide Heziketako zentroaren lurrak erosi nahi izan zituen Nafarroako Unibertsitateak, hiru laborategi eraikitzeko. UGEP gisa tramitatu zuen gobernuak; erabaki horrek “Iruñeko Udalaren subiranotasunaren aurka” egiten zuela salatu zuen, orduan, Geroa Baik.
Iritzi bera du Baztango alkate eta Baztango Batzar Nagusiko presidente Joseba Otondok, Aroztegiko oraingo proiektuari buruz: “Bertako erakundeen gainetik, Lekarozko herriaren gainetik eta baztandarren gainetik erabaki du Nafarroako Gobernuak egitasmo horrekin aurrera jarraitzea”. Geroa Baik hartu du oraingoan erabakia, udalerri bakar bati eragiten dion egitasmo bati buruz.
Etsita agertu dira Aroztegia… eta gero zer? plataformako kideak erabaki horrekin, eta bete beharreko galdeketa egiteko eskatu dute, baztandarrek hitza hartzeko aukera izan dezaten. Premiazkotzat jo dute hori. Lekarozen, 2009. urtean egin zuten galdeketa, eta herritarren gehiengoak erran zion ezetz Aroztegiko egitasmoari. Baztango gainerako herritarrek ere hartu beharko lukete hitza, plataformako kideen ustez.
Lekarozen luxuzko 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi ditu Aroztegia Jauregia SM enpresak. Hau da, egun 320 biztanle inguru dituen herri batean, 700 pertsonarentzako urbanizazioa egin nahi dute. “Kalitatezko turismoa erakarri nahi omen dute; oraingoa ez al da ba kalitatezkoa?, dirudunena bakarrik al da?”, galdetu du plataformako kide Agurtzane Orbegozok. Otondok gogoratu du Baztanen 860 etxebizitza huts badirela.
Aroztegiko proiektuaren tamainak ondorio nagusi bat izanen luke Baztanen, haren hitzetan. “16. herria litzateke urbaninazio berria”. Bat egin du Orbegozok. “Horrek erabat aldatuko luke herriko egunerokoa”, erantsi du. Ingurumenean, zerbitzuetan eta abarretan izanen luke eragina. “Eta testuinguru sozial berri bat ekarriko luke”, erran du, argi eta garbi, Baztango Batzar Nagusiko presidenteak. “Gure etorkizuna erabat baldintzatuko duen proiektu bat ezarri nahi dute, baztandarrek deus erabaki gabe”, salatu du Otondok, gogor.
Gakoa: modua
Hori da gakoa, orain, Baztango alkatearentzat. Gauzak egiteko modua. Joan den abenduaren 30ean erabaki zuen gobernuak Aroztegiko udalerriz gaindiko eragina duen planarekin aurrera jarraitzea. UGEPa, berez, UPNren aurreko gobernuak onartu zuen, maiatzeko hauteskundeak baino hainbat egun lehenago. Gobernuan aldaketa gauzatu eta gero, Nafarroako agintari berriei prozesu hori bertan behera uzteko eskatu zieten Lekarozko herriak eta Baztango Batzar Nagusiak. Irailaren amaieran egin zuten eskaera hori; hamabost eguneko edo hilabeteko epean espero zuten erantzuna, baina abendura arte ez zuten jaso. Gobernuak, urteko azken bileran, UGEParekin aurrera jarraitzea erabaki zuen.
“Erabaki teknikotzat” jo zuten gobernuko kideek. Baina Otondo ez da, inondik inora, ados. “Nafarroako Gobernuak 2008. urtean hartutakoa izan zen erabaki teknikoa; oraingoa, ez”. Orduan, 2008an, Aroztegiko proiektuaren sustatzaileek udalerriz gaindiko plan gisa tramitatzeko eskatu zioten UPNren gobernuari, lehen aldiz. Baina ezezkoa jaso zuten. “Geroztik, hamaika erabaki politiko hartu dituzte auzi horren inguruan”, salatu du Otondok.
Epaileek ere bitan eman diote ezezko biribila proiektuari. Ezezko hori bazter uzteko, hain zuzen, hasierako proiektuan hainbat aldaketa egin zituzten Aroztegia Jauregia SM enpresako kideek. Eta moldatutako proiektu horrek lehenengoak ezin izan zuena lortu zuen: UGEP gisa tramitatzea.
“Alimaleko iruzurra da proiektu hau udalerriz gaindiko eragina duen plantzat aurkeztea. Uste genuen aldaketaren gobernua bagenuela, erreala zela, eta bazter utziko zituela inposizioak; ez genuen uste aldaketaren gobernu honek etorkizuna kenduko zigula”, erran du Otondok. “Baztan landa eremu bizia da; sozialki kohesionatua dago, eta justizia sozialaren bidean egin nahi ditu urratsak; ez genuen uste aldaketaren gobernu batek hori egiten utziko ez zigunik”.
Otondok krisia eragin duen ereduaren ikur jo ditu Aroztegikoaren gisako proiektuak. Ez da halako egitasmo batek lotua duen garapen eredua Orbegozok nahi duena ere. Geroa Bairekin batera Nafarroako Gobernua babesten duten gainerako taldeek ere ez dute ontzat jo proiektu hori. Gobernuak abenduan aurrera jarraitzeko hartutako erabakiaren aurrean, ordea, ez dute eman Aroztegia… eta gero zer? plataformako kideek espero zuten erantzuna. Horixe utzi du agerian Agurtzane Orbegozok. “Epela baino, hotza izan da erakutsi duten jarrera”. Hala eta guztiz ere, gobernua babesten duten talde guztiekin egin nahi dituzte bilerak, datozen egunotan, galdeketa antolatzeko bidean urratsak egiteko.
Gobernua babesten duten taldeen artean Geroa Bai da proiektuaren alde agertu den bakarra. Horrek tentsioak eragin ditu taldeen artean. Baztango Udalean ere, agerian gelditu dira taldeek dituzten iritzi ezberdinak. “Gutxiengo gobernua dugu”, azaldu du EH Bilduko Otondok. Koalizio horretako zinegotziak eta Ezkerrakoak dira Aroztegiko proiektuaren eta UGEParen aurka; Auzolanean taldekoak, Geroa Baikoak eta UPNkoak, berriz, alde.
Bertze hainbat kasu
“Aldaketa da herritarrek erabakitzea”. Horixe nabarmendu du Otondok. Sustrai Erakuntza Fundazioko ordezkari Martin Zelaiak ere bat egin du: “Bertako biztanleek erabaki behar dute; proiektuak udalerri bakar bati eragiten dio, eta ezin da UGEP baten bidez egin”.
Ez dela kasu bakarra gogoratu du Zelaiak. Aurreko gobernuek udalerriz gaindiko eragina duten plantzat jo dituzten bertze hainbat proiektu jarri ditu mahai gainean. “Udalerri bakar bati eragiten zioten horietako hainbatek ere, tartean Olatzagutiko Portland lantegiko proiektuak eta Castejongo zentral termikoena”.
Etxabakoitzen tren geltoki berria eta urbanizazio bat egiteko proiektua ere nabarmendu du Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak. 2010ean onartu zuten, eta, geroztik, “hamaika irregulartasun” izan dira, Sustrai Erakuntzak salatu izan duenez. “Aurreko gobernuek onartutako proiektua da, abiadura handiko trenarekin lotuta, baina ematen du oraingo gobernuak ez duela bazter utzi nahi. Ez dute argi hitz egin, baina Manu Aierdi presidenteordeak esan du geltokiak Etxabakoitzen behar duela”. Gelditzeko eskatu du Zelaiak.