Komunikabideak

'Hitza.info' aurkeztuko dute gaur, herri informazioaren leihoa

'Hitza' euskarazko egunkarietako 102 herrietako albisteak eta beste hainbat webgunetako edukiak bilduko ditu, gaurtik aurrera. Donostian izango da aurkezpena, Doka kafe antzokian, 19:00etan. EKTko Ehuntzen enpresak egin du lan teknikoa.

2008ko martxoaren 12a
13:40
Entzun
Lau hilabete igaro dira Hitza euskarazko egunkari lokalek eskualdeko webguneak (zazpi) berritu eta herrietakoak martxan jarri zituztenetik, betiere edizio jarraituari, blogei, bideoei, argazkiei eta herritarrek bidalitako informazioari garrantzia emanez.

Orain, edizio jarraituetako informazioa bateratu eta gaurtik aurrera www.hitza.info webgunea abiaraziko dute tokian tokiko prentsa sustatzeaz arduratzen den Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) barneko Bertako Hedabideek. Gaur aurkeztuko dute egitasmoa, 19:00etan, Donostian, Doka kafe antzokian -Antigua auzoan-.

Helburua

Euskarazko herri informazioaren atari garrantzitsuena bihurtzea da asmoa.

Herri web askotako informazioa

- Hitzetako 102 herrietako informazioa bilduko dute: Tolosaldekoak eta Leitzaldekoak, Urola Kostakoak, Donostiakoak, Lea-Artibaikoak eta Mutrikukoak, Busturialdekoak, Goierrikoak eta Oarsoaldekoak.

- Herri informazioaren inguruan lanean ari diren beste hainbat agerkari digitalen edukiak eta albisteak ere bilduko dituzte. Izan ere, Uribe Kostako herrietako, Hernaniko (Gipuzkoa), Arrigorriagako (Bizkaia), Baztan eta Bortzirietako, Bidasoako, Iruñerriko eta beste hainbat herri eta eskualdetako informazioa ere izango da webgune berrian, Ttipi-Ttapa, Hernaniko Kronika, Bidasoa Media, Arrigorriagan Euskaraz, Nabarreria eta beste hainbat komunikabiderekin abiarazitako elkarlanari esker.

Lan teknikoa, Ehuntzen-ek

EKTko Ehuntzen Internet enpresak egin du www.hitza.info-ren lan teknikoa. BERRIA.INFO daraman enpresa da Ehuntzen.

Bideoak Euskaltube-n

Webgunearen ezaugarri nagusietako bat bateko eta besteko albisteak bilduko dituen edizio jarraitua izango denez, arduradunek garrantzia eman nahi diote gertaeren argazkiak eta bideoak erakusteari. Bideoei dagokienez, aurrerantzean Euskaltube izango da Hitzen webguneek bideoak jartzeko hautatuko duten webgunea, eta Euskaltuben bertan kanal berezia izango da Hitzen bideo horiek ikusi ahal izateko.

Irakurle gehiago

Gaur egun, zazpi Hitza-k 102 herritara iristen dira, eta guztien artean egunero 40.000 ale inguru argitaratzen diuzte. Orain, webgune berriak papereko edizioa PDFan ikusteko edo hartzeko eskainiko duen aukerarekin, beste milaka irakurle izango dituzte. Batez beste, zazpi webguneen artean 14.000 bat irakurle aitortzen dituzte egunero bisitari kopurua zehazten duten Interneteko zenbatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.