politika

Hitzarmenerako Mahaiak hurbil ikusten du Konponbiderako Mahaia eratzea

Hitzarmenerako Mahaiko kideak baikor agertu dira gaur eta azaldu dutenez, "elementu objektiboak" daude Konponbidearen Mahaia gertuago ikusten dutela ziurtatzeko. Duela bi urte 2006ko Aberri Egunerako Konponbidearen Mahaia abian jartzeko helburua hartu zuten. Apirilaren 17an ospatuko da aurten Aberri Eguna eta Hitzarmenerako Mahaiak nahiko "heldutasuna" ikusten du Konponbidearen Mahaia ordurako sortzeko.

2006ko otsailaren 13a
17:09
Entzun
Martin Aranburu eta Itziar Fernandez (EA) Hitzarmenerako Mahaiko bozeramaileekin bater Pernando Barrena (Batasuna), Ainhoa Beola (Aralar), Mertxe Colina (Abertzaleen Batasuna), Jose Iriarte (Zutik) eta Txutxi Ariznabarreta (LAB) izan dira gaur Donostian egindako agerraldian.

Martin Aranburu eta Itziar Fernandez Hitzarmenerako Mahaiko kideek gogorarazi dute duela bi urte ezarritako helburua eta hori lortzeko unean gaudela azpimarratu dute. Joan den abenduan, Bilboko Euskaldunan egindako ekitaldian jakinarazi zuten Aberri Egunerako Konponbidearen Mahaia abian jartzea zela helburu nagusia. Mahaia abian jartzeko momentua dela azaldu dute, "eragile guztiek PPk eta UPNk izan ezik, beharrezkotzat" jotzen dutelako. Hitzarmenerako Mahaiak, beraz, "heldutasuna" ikusten du datozen bi hilabeteetan (apirilaren 17an ospatuko den Aberri Egunera bitartean) Konponbidearen Mahaia sortzeko. Hala ere, datak zehatz mehatz ez hartzeko gomendioa egin du.

Aranbururen hitzetan baieztapen hau egiteko "elementu objektiboak daude, edozein herritarrek ikus ditzakeenak". Aranbururen ustez, "partaide guztiak laguntzen ari dira" konponbiderako giro egokia sortzen. Batetik Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen hitzak aipatu ditu. Zapaterok "ETAren indarkeriaren amaieraren hasiera gertu" dagoela baieztatu zuen. Bestetik, Aranburuk azpimarratu du ETAk azken aldian ez duela politikarien aurkako erasorik burutzen.

Guztien esku dago

Konponbiderako Mahaiari begira "konponbidearen aldeko olatu bat" beharrezkoa izango dela nabarmendu du Aranburuk: "Konponbide garaia da, apustua ez da bakarrik eragile politikoena. Guztien esku dago". Hori dela eta, hainbat ekimen jarriko dituzte martxan. Batetik, www.konponbidea.info webgunearen bidez Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren aldeko babesa jasoko dute. Era berean, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren 55 sinatzaileek akordioa sozializatzeko kanpaina burutuko dute, bakoitzak bere eremuan. Gainera, datozen asteetan hitzaldiak egingo dituzte hiriburuetan. Aranburuk agertu duenez, Hitzarmenerako Mahaiak Aberri Egunaren bezperan ekitaldi bat egingo du Iruñean eta bertan egoeraren azterketa egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.