Goi mailako hezkuntzara ere heldu dira murrizketak. LAB sindikatuak salatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen 2012ko aurrekontua gutxituko duela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, orain bost hilabete unibertsitate publikoari diru gehiago bideratzea adostu zuen arren. Ekainean, Unibertsitate Planean, aurten baino hamabi milioi euro gehiago hitzartu zituen Lakuak, baina Hezkuntza Saileko iturriek onartu dute diru hori ez dela egongo, datorren urtean behintzat. Ordea, gehitu beharrean, gutxitu egingo du aurrekontua Jaurlaritzak: 2011n EHUri 336 milioi eman bazizkion, 331 bideratuko dizkio 2012an. Hamazazpi milioiren aldea dago hitzartutako eta esleitutako kopuruen artean.
Kontratu programetan hiru milioi euro gehiago, urtearteko inbertsio planean ere hiru milioi gehiago, eta ekarpen arruntean beste sei milioi gehiago. Hori onartu zuen Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ekainean, Unibertsitate Planaren barruan EHUri zegokion atalean. Aurtengoarekin alderatuta, 2012ko aurrekontua hamabi milioi euro handitzea, alegia.
Akordio hura, ordea, bertan behera geratu da orain. Hezkuntza Saileko iturriek atzo BERRIAri adierazi ziotenez, ekainean adostutako partida horiek ez dira aurten aplikatuko. Alde batetik, kontratu programetarako dirua «izoztuta» geratuko da, eta inbertsioetara bideratutako hiru milioiak beste une batean emango dira: «Obretarako inbertsioa da, eta urte baterako baino gehiagorako planaren barruan dago. 2012an ez da diru hori emango, baina aurrerago bai, egoera ekonomikoaren arabera. Beharrezkoa bada, planaren iraupena luzatuko dugu».
Gastu arruntean ere murrizketak egongo direla onartu du Isabel Zelaa buru duen Hezkuntza Sailak. Unibertsitate Planean onartutako sei milioiak ez gehitzeaz gain, datorren urtean Eusko Jaurlaritzako sail guztietan egingo den %10eko murrizketa EHUri ere aplikatuko zaio. Eta horrek aurrekontua txikitzea ekarriko du.
Izan ere, LABen kalkuluen arabera, 2012rako 348 milioi euroko aurrekontua espero zen: aurtengo 336 milioiei ekainean adostutako hamabiak gehitzea zen asmoa. Jaurlaritzak unibertsitateari igorritako informazioaren arabera, aldiz, 331 milioitan geratuko da 2012rako kopurua, 2011n baino bost milioi gutxiago, «baina Unibertsitate Planean adostutakoa baino hamazazpi gutxiago», LABek zehaztu duenez. «Planean adostutakoa ez betetzea larria bada ere, are larriagoa da ekarpen arruntean artazia sartzea», ondorioztatu du.
Sindikatuaren ustez, langileen ordezkapenetan, kontratazioetan eta, oro har, lan baldintzetan eragingo dute aurrekontu murrizketek. Irakaskuntzaren kalitatearekin eta ikerketarekin lotuta EHUn abiatu diren zenbait proiekturekin ere kezkatuta agertu da,murrizketok gertatuz gero bertan behera gera daitezkeelakoan.
Era berean, LABek gogora ekarri du unibertsitateko langileak «soldata murrizketak pairatzen» ari direla 2010etik. Izan ere, ez da krisiaren ondorioz EHUk murrizketak jasaten dituen lehen aldia.Aurtengo aurrekontuan %8ko beherapena egon da, Espainiako Gobernuak funtzionario publikoen soldatak murriztea ebatzi zuelako iaz, defizit publikoa gutxitze aldera.
Errektoretza, isilik
Murrizketak eztabaidagai izan ziren atzo EHUk Bilbon egin zuen Gobernu Kontseiluan. Izan ere, unibertsitate aurrekontuari buruzko aurreproiektua berandu dator aurten; berez, azaroan aurkeztu ohi du errektoretzak, baina oraingoan abendura arte atzeratuko da, Iñaki Goirizelaia errektorearen hitzetan, aurrekontuak egituratzeko nahikoa informazioa ez dutelako.
Hartara, datuak faltan dituztela argudiatuta, murrizketei buruzko adierazpenik ez zuen egin atzo errektoretzak. Gobernu Kontseiluaren saioan, ordea, LABek jakitera emandako kopuruak egiazkoak zirela onartu zuen atzo Goirizelaiak, sindikatuko ordezkarien arabera. Hala, aldaketaren harira irmo mintzatu da LAB: «EHUn ez ditugu inolaz ere murrizketa hauek onartuko». Datozen asteetarako mobilizazioak iragarri ditu.
Hitzartutakoa baino 17 milioi gutxiago emango dizkio Jaurlaritzak EHUri
Errektoretzak berandu aurkeztuko ditu 2012rako aurrekontuak, osatzeko informazio nahikorik ez duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu