Euskarari dagokionez, hizkuntz eredu asko daude Euskal Herrian. Ofizialtasuna, bazterketa, eredu mistoak... BERRIAk biharko zenbakian sakon eta zabal jorratuko du Euskal Herrian dauden hizkuntz ereduen gaia, eta, horrekin batera, herri bakoitzean nagusi den eredua oinarri hartuz, hizkuntz ereduen mapa argitaratuko du.
Zortzi orrialdeko gehigarri berezia izango da hizkuntz ereduena. Lehenik, eredu bakoitzaren datuen inguruko erreportajea argitaratuko du Garikoitz Goikoetxea kazetariak. Joxean Apeztegiak herrialde eta hiruburu bakoitzeko datuekin infografia bat osatu du lagungarri. Euskal Herriko mapa ere bi horien artean egin dute.
Nafarroan euskarak duen egoerak tarte berezia izango du. D ereduan ikasten duten ikasleak %4 besterik ez dira, eta Goikoetxeak aletu egin ditu euskararen zonifikazioaren datuak. Esate baterako, eremu euskaldunean D ereduan %89k ikasten badute ere, eremu euskalduneko ikasleak Nafarroa osoaren %9 baino ez dira.
Nafarroa Oinez ospatuko da, gainera, bihar, eta BERRIAk Angel Navallas Zangozako alkatea elkarrizketatu du. Navallasek elkarrizketan adierazi du badela garaia eremuak kentzeko.
Biharko hizkuntz ereduen inguruko gehigarri berezian, azkenik, erdarazko ikastetxeetan euskara irakasten ari diren irakasleekin egindako erreportajea argitaratuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak.