Hizkuntz normalizazioak «oinarri demokratikoak» behar dituela dio Urgellek
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazi du hizkuntzen egoerak normalizatzeko prozesuak «oinarri demokratikoetatik» baino ezin direla egin, gutxiengoen eskubideak errespetatuz. Kolonbian da Urgell, atzo Bogotan hasi zen hizkuntzak irakasteari eta ebaluatzeari buruzko mintegian, eta han egin ditu adierazpenok. Euskaraz hitz egin nahi dutenei eta ikasi nahi dutenei erraztasunak eman bai, baina egin nahi ez dutenei ez zaiela inposatu behar adierazi du Urgellek. Nabarmendu du hizkuntza gutxituek «ingurune aldakorrera» egokitzen diren neurrian bakarrik iraun dezaketela bizirik, euskarak historian erakutsi duenez. Gainera, lege eta diru baliabideak alferrik direla oroitarazi du, hiztunek hizkuntzarekin interesik ez badute; eta ohartarazi du hizkuntzaren inguruko akordio politikoa ere beharrezkoa dela. Atzo hasi zen mintegia, Bogotako Unibertsitate Zentralean, eta aste honetan beste herrialde eta hizkuntza batzuen egoera ezagutzeko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu