Hezkuntza

Hizkuntza ereduak aldatzeko eskaera egin diote EAJk, EAk, EBk eta EHAK-k Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

A, B eta D ereduak gaindituko dituen hizkuntza eredu berria diseinatzeko proposamena onartu dute lau alderdiek. PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute.

2008ko apirilaren 18a
13:46
Entzun
Eusko Legebiltzarrak egungo hizkuntza eredua gainditzeko beste eredu bat diseinatzeko eskaera igorri dio gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Proposamen horrekin bat egin dute Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA eta EB) eta EHAK-k; aurkako botoa eman dute PSE-EEk eta PPk. Gaur egun A (euskara hautazkoa da), B (euskara eta gaztelerazkoa) eta D (euskarazkoa) ereduak daude.

Proposamenaren arabera, Hezkuntza Sailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitutakoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialetan -euskaraz eta gazteleraz- ikas ahal izatea bermatzen duen eredua planteatu beharko du. Horrez gain, egoera hori aldatuko duen lege proiektua “ahal bezain laster” aurkezteko eskatu diote lau alderdiek.

Arantza Aurrekoetxea EAJko parlamentariak “eleaniztasunera” bideratuta dagoen hizkuntza ereduaren alde egin du. Itziar Bazterrika EHAK-ko kideak, 2005ean Eusko Jaurlaritzak hiruko hizkuntza eredua “zaharkituta” dagoela azaltzen zuen akordioa onartu zuela gogorarazi du, eta oraindik ez duela bete. Bi hizkuntzetan ikasteko ahalmena bermatu behar dela ere adierazi du. Onintza Lasa EAko kidearen arabera, ikastetxeak ezin du lerro berezi bat ireki guraso batek bere seme-alabek eredu zehatz batean ikasteko eskatzen badute, eta egungo A ereduak (euskara hautazko izanda) euskara ikastea ez duela bermatzen ere gaineratu du. Antton Karrera EBko parlamentariak bat egin du Lasarekin eta, ikastetxeek beharrezko eskaerarik ez badute, “klase partikularrak" irtenbide ez direla azaldu du.

PSE-EEk eta PPk hiru hizkuntza ereduen aldeko zuzenketa aurkeztu dute, baina gainontzeko alderdiek atzera bota dute. Besteak beste, aurrez itxitako lerroak berriz ere irekitzea eskatzen zuten PSEk eta PPk; haien arabera, lerroak itxi egin direlako, "legeak zehazten duen eskaera kopurua izan duten arren".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.