Okzitaniako, Bretainiako, Alsaziako, Korsikako, Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat hautetsi eta ordezkarik osatu zuten Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboa. 2019. urteko azaroan, Parisera joan ziren, eta Hezkuntza Ministerioaren aitzinean ehunka lagun bildu ziren hizkuntza gutxituen irakaspena defenditzeko. Egun hartan, Jean Michel Blanquerren ordezkari batekin bildu ziren, baina, jakinarazi dutenez, ez dute «inolako segidarik» izan bilkura hartatik. Goizean, kolektiboko delegazioa Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren egoitzara joan da, gutun bat uztera. Euskal Herritik, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria eta Euskal Konfederazioko kidea joan da. Azaldu du senatariak eta parlamentariak soilik sartu ahal izan direla egoitzara, gutuna emateko: Paul Molac eta Ronan Dantec bretainiarrak, eta François Alfonsi korsikarra.
Frantziako lehendakariari helarazi dioten gutunean, bereziki, Blanquerrek egindako erreformak izan dituzte jomugan. Baxoaren erreformak eta Hizkuntza Planak hizkuntza gutxituengan dituen ondorio «kezkagarriak» salatu dituzte. Izan ere, bi erreforma horien ondorioz, hizkuntza gutxituak bestelako hizkuntzekin «konkurrentzian» daude, hala nola ingelesarekin, grezierarekin eta latinarekin. «Ikasleek hautatu egin behar dute ingelesaren edo euskararen artean. Baina goi mailako ikasketetan geroz eta beharrezkoagoa da ingelesa... Alegiazko hautu bat da», salatu du Jorajuriak.
Macroni «arazoa kontuan hartzeko» eskatu diote, eta solaskide bat izendatzeko ere bai. «Esperantza anitz dugu. Gainera, gutunarekin batera ehun senatari eta parlamentariren izenpe bilketa helarazi diogu. Gure eskaerak zentzua du, eta segitua da», azaldu du Jorajuriak. Bestalde, erantzunik jasoko ez duten bitartean «mobilizazioekin segituko» dutela esan du. Iraileko sartzea itxarongo dute, lehenik. Izan ere, hor jakingo dute hizkuntza gutxituan ikasteko izena ematen duten ikasleen kopurua. Bretainian eta Okzitanian «bereziki kezkatuak» daude, Jorajuriaren arabera. Anartean, mobilizazioei «adi» egoteko deia egin du.