EUSKARA

Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko proposamena aztergai du Frantziako Parlamentuak

Frantziaren mende diren hizkuntza gutxituetako ordezkariek babesa eskatu zioten iaz Unescori. Saioa zuzenean kontatzen ari da Aitor Renteria kazetaria.

Aitor Renteria.
2014ko urtarrilaren 22a
18:57
Entzun

Parlamentuak gaur aztertuko du proposamena: Frantziako Konstituzioko 53.3 artikulua aldatzea proposatzen du. Argiki dio helburua Europako ituna izenpetzea dela, baina, aldi berean, aipamen zehatzak eransten dizkio. Horrela, administrazioaren hizkuntza frantsesa dela dio, horren interpretazioak eragin ditzakeen muga guztiekin. Urtarrilaren 14an, bi oren iraun zuen eztabaidaren ondoren, Frantziako Parlamentuko lege batzordeak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko proposamena eztabaidara eramatea onartu zuen. Ohar sutsuak izan ziren tarteko. Jean Jacques Ervoas diputatuak aurkeztu zuen proposamena.

Konstituzioa aldatzeko lege proposamena izanez, bi aukera daude orain. Batetik, parlamentuak eta senatuak onartuko balute gehiengo soilez, erreferenduma antolatu beharko litzateke, Frantzia osoan. Bide itsua dela aitortu du Ervoasek. Bertze bidea litzateke gobernuak bere egitea proposamena, eta aurkeztea lege egitasmo bat. Kasu horretan, batzarrean bildurik, diputatu eta senatarien hiru bostenek sostengatu beharko lukete testua.

Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna onartzeak ez luke eskubiderik aitortuko. Horrela aitortu zuen Ervoasek. Administrazioaren hizkuntza frantsesa dela dio. Aipamen horren interpretazioaren aurka dira Eblul-France taldean bildutako eragileak. Elkarte horretan dago Euskal Konfederazioa. Charles Moyac diputatu Berdeak eskatu zuen interpretazioa ahalbidetzen duten aipamenak kentzeko, baina batzordeak bertan behera utzi zuen eskaria. "Nahitara ezarri ditut neurri mugatzaileak", jakinarazi zuen Ervoasek, "gobernuak ez ditzan sar ondoren batzorde honen ordez. Europako ituna berrestea da helburu bakarra, ondoren urratsak egin ahal izateko, legearen bermea eskaintzeko hizkuntza gutxituei".

Europako ituna berrestearen alde egon arren prozeduran trikimailuak baliatzea leporatu dio Marc Le Fur UMPko diputatuak. Helburua bera arriskuan ezar dezakeela gaineratu dio. "Parlamentuak eta senatuak onartu ondoren gobernuak proposamena bere egiten badu, erreferenduma saihesteko asmoz, prozedura guztia berriz hasi beharko litzateke, hutsetik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.