Frantses Akademiak euskararen eta Frantziako estatuko beste hizkuntza gutxituen aurka berriki hartutako erabakia gogor kritikatu du Nature aldizkariak, bere azken alean. Zientzia arloko munduko agerkaririk garrantzitsuenaren iritziz, Frantziako Konstituzioak frantsesa ez den hizkuntzarik aipa ez dezan ekainean eginiko eskaera salagarria da, eta Comédie-Française iritzi dio.
"Quelle horreur! Frantses Akademiaren eliteko 40 kideak beren eserlekuetatik jauzi egiten ari dira, sututa, Frantziako Asanblea Nazionalak onartutako legeriak ondare nazionalaren zatitzat joko baititu bretoia, okzitaniera, korsikera, alsaziera, katalana eta euskara bezalako eskualde hizkuntzak. Kideeak bereziki hasarretu ditu eskualde hizkuntzek aipamena izan dezaketelako Konstituzioaren lehenbiziko artikuluan(Frantzia errepublika zatiezin, laiko, demokratikoa eta sozial gisa definitzen duena), bigarren artikuluaren aitzinetik; honek frantsesa jotzen du hizkuntza ofizialtzat. Hizkuntza frantsesaren garbitasuna zaintzeko 1635ean sortutako akademiak ahobatez bozkatu du Legebiltzarraren erabakiari 'logikaren kontrako' eta 'naziorako mehatxu' iritzita". Halaxe dio aldizkariaren editorialaren zati batek.
Nature-ren idurikotz, globalizazioaren ondorioz munduko 6.000-7.000 hizkuntzen erdia desagertzeko arriskuan dauden honetan, galera tragikoa litzateke zeinahi hizkuntza desagertzea."Jakinduria eta kultura hizkuntzekin lotuta daude, eta haietatik garatu dira. Gainera, hizkuntzek elkar aberasten dute, eta hizkuntzalaritzan nahiz historian ikerketarako informazio oinarria eskaintzen dute. Frantziako beste akademia nagusiak, Zientzietako Akademiak, auzian bere iritzia eman beharko luke".
"Frantses Akademiak dio hain begibistakoa dela Frantziako eskualde hizkuntzak ondarearen zati direla, ezen ez baitago konstituzio bermeetarako beharrik. Hori ez da egokia. Hain juxtu, konstituzio onarpenaren gabeziak eragotzi dio Frantziari hizkuntza gutxituak babesteko nazioarteko itunak berrestea. Auzitegiek ebatzi dute egungo konstituzio oinarriek -hala nola errepublikaren zatiezintasunak eta herri frantziarraren batasunak- debekatu egiten dutela haiek berrestea".
Frantsesa ez besteko hizkuntzek zientzialariei beren lanean ikuskera zabalago eta malguagoarekin jokatzeko tresnak eskaintzen dizkietela nabarmendu du, halaber, zientzia agerkariak.
Gizartea
Hizkuntza gutxituen kontra duen jarreragatik Frantses Akademia kritikatu du 'Nature' aldizkariak
Zientzia alorreko munduko aldizkaririk garrantzitsuenetako batek, =iNature=i aldizkariak, Frantses Akademia kritikatu du, honek euskara eta beste hizkuntza gutxituen kontra berriki hartu duen erabakia salatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu