Lehiaketa publikoetarako jarritako hizkuntza irizpideen inguruan "susmoak eta zehaztapenik gabeko baieztapenak" zabaltzea egotzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak UPDri. "Europako Instituzioetara jo du, ez dagoen tokian alarma piztu nahian", salatu du Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak. Gogorarazi du euskaraz jardutea legezko eskakizuna dela administrazioarentzat. "Jarduera bakar bat ere ez dago salbuetsita, ezta administrazio publikoaren kontratazioa ere".
Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko udazkenean jakinarazi zuen lehiaketa publikoetan euskarari buruzko zenbait eskakizun egingo zizkiela lehiaketa publikoetara aurkeztu nahi zuten enpresei. Hori eskatzea "diskriminatzailea" da UPDren arabera, hori dela eta galdera idatzi bat aurkeztu dio Micher Barnier Barne Merkatuko zuzendariak. Har erantzun die "xehetasun handiagoz" ikertuko duela gaia.
UPDk emandako hainbat mezu faltsuak direla adierazi du Etxeburuak: "Lanak eskaintzeko prozedurak bakarrik euskaraz egingo direla esaten du. Baina hori ez da zuzena. Enpresen jarduerek bete beharko dituzte baldintzak, beti ere kontratuaren prestazioari lotuta. Hizkuntza baldintzak bi eratakoak dira kontratazioan: euskaraz eta gaztelaniaz".
Europako Batzordeari ere eskaria egin dio: "Aurrerantzean, horrelako mezu bat hedabideetara hedatu aurretik, erakunde honekin harremanetan jarri, eta beharrezko argitasun guztiak emateko prest gaude".