Hizkuntza legearentzat bozkatzeko eskatu diete hautagaiei

EKAHSek hautetsiei euskararen aldeko legearentzat bozkatzea eskatu izana txalotu du Euskal Konfederazioak

Erredakzioa
Baiona
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak (EKAHS) euskararen aldeko mozioa onartu zuen abenduaren 3an egindako biltzar nagusian. Sindikatua osatzen duten Ipar Euskal Herriko 146 herriek euskararen aldeko lege proposamenarentzat bozka dezaten eskatuko diete Frantziako presidentetza hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiei.

EKAHSen ebazpena txalotu du Euskal Konfederazioak. «EKAHSek onartzen du euskarak bezala lege babesik ez duten hizkuntzen garapen osoa ez dela segurtatzen ahalko». Frantziako presidentetza hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai guztiekin sartuko da harremanetan sindikatua, eta bi eskari eginen dizkiete: batetik, Hizkuntza Gutxituen Aldeko Euroituna berrestea Frantziak, eta, bertzetik, hizkuntza legearentzat bozkatzea.

Deiadar zabala

Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak manifestazioa antolatu dute 2012ko martxoaren 31rako. Manifestazio horren bidez, euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza legea aldarrikatuko dituzte.EKAHSek bat egin du deialdiarekin, eta manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Urrats hori egin izana txalotzen du halaber Euskal Konfederazioak. Euskararen egoera «zinez larria» delarik, euskalgintzako gizarte eragileek Deiadarrak antolatu izan dituzte. Denborarekin egindako deialdia da, «purrustaden» politikatik at, eta geroan euskararen kontra bihur daitezkeen lege egitasmoak baztertzeko asmoz. Deiadar horrek Euskal Herriko mugak gaindituko ditu. Izan ere, euskaldunekin batera, hizkuntza gutxituen aldeko manifestazioak antolatuko dituzte Alsazia, Bretainia, Okzitania, Katalunia eta Korsikan, «egiazko lege geriza» eskatzeko. Baliteke Parisen ere antolatzea manifestazio bat, han bizi direnei hizkuntza gutxituen aldeko aldarria egiteko modua emateko.

Azpimarratu dute ez dutela edozein lege onartuko. Euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituen lege geriza eskatu dute, eta azaldu dute diputatuekin elkarlanean aritzeko gertu daude, bide horretan sakontzeko prest badaude. 2007tik hona, 43 aldiz aipatu dute Senatuan hizkuntza gutxituen gaia, eta 194 proposamen egin dira parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.