EUSKARA

Hizkuntza politika "eragingarria" lehenbailehen abian jartzeko beharra aldarrikatu du Kontseiluak

Ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen hezkuntza sistemaren erreforma eta helduen euskalduntzearen "izaera estrategikoa" onartzeko eskatu du, besteak beste.

2010eko azaroaren 18a
17:50
Entzun
Euskal Herriko administrazio ezberdinek euskararen normalizaziorako baliabide nahikorik ez dutela jarri uste du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Azken ikasturteanjarraitutako hizkuntz politiken ebaluazioa egin du Kontseiluak, eta hizkuntza politika "eragingarria" lehenbailen abian jartzea beharrezkotzat jo du, epe eta helburu zehatzekin.

Agerraldia egin du Kontseiluak gaur Martin Ugalde Kultur Parkean, eta han izan dira zuzendaritzako kideak eta Paul Bilbao idazkari nagusia. Administrazioek hartu beharreko neurriak zeintzuk liratekeen azaldu du Bilbaok: ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen hezkuntza sistemaren "berehalako" erreforma, administrazioaren euskalduntzea "eragozten" duten neurriak kentzea, euskarari dagokion estatusa emateko beharrezko aldaketa legalak egitea, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera ahalbidetuko duten espazioak sortzea, diru baliabideak "nabarmen" handitzea, hedabideetan euskararen presentzia areagotzeko neurri "zehatz eta eragingarriak" hartzea, eta helduen euskalduntzearen "izaera estrategikoa" onartzea.

Hilaren 24an eta 25ean Euskararen unibertsoak pauso bat harago lelopean jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak Iruñeko Planetariumean. Bilbaok jakinarazi duenez, bertan plazaratuko du Kontseiluak Euskal Herrian aplikatzen diren hizkuntza politiken azterketa orokorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.