Hizkuntza politika «eragingarria» premiazkotzat jo du Kontseiluak

Haren iritziz, azken ikasturtean administrazioek ez dute nahikoa egin euskara normalizatzeko bidean

mikel rodriguez
Andoain
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Euskal administrazioek azken ikasturtean aplikatutako hizkuntza politiken inguruko ebaluazioa egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta ondorio argia plazaratu du: euskararen normalizazioa lortzeko, hizkuntza politika «eragingarria» abian jartzea premiazkoa da. Administrazioek ez dute nahikoa egin, Kontseiluaren iritziz, eta zenbait arlotan hartu beharreko hainbat neurri proposatu ditu. Heldu den astean, hilaren 24an eta 25ean, Euskararen unibertsoak pauso bat harago lelopean jardunaldiak antolatu ditu IruñekoPlanetarioan. Bertan, administrazioen hizkuntza politiken inguruko azterketa sakonagoaren berri emanen du Kontseiluak, eta etorkizunerako erronkak iragarriko ditu.

Dena den, azterketa horren lehen analisiaren berri atzo eman zuen Kontseiluak, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoan). Agerraldian izan ziren Paul Bilbao idazkari nagusia eta zuzendaritzako kideak. Bilbaok analisiaren nondik norakoak azaldu zituen, arloz arlo.

Hezkuntza sistemak, adibidez, belaunaldi berriak ez dituela euskalduntzen salatu zuen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aitzinekoaren «bide beretik» jarraitzen duela adierazi zuen, eta horrek «kezkatu» egiten du Kontseilua. «Bere garaian aukera egon zen ikasle eleaniztunak sortuko dituen eredua jartzeko, baina, orain bezala, ez zen aurrerapausorik eman». Nafarroan eta Iparraldean, «corpus juridiko desegokiarengatik» ikasleen euskalduntzea ahalbidetuko duen hizkuntza politikarik ez dagoela salatu du Bilbaok. Horren harira, oroitarazi du «hiru urteko lanaren ondoren» Kontseiluaren hezkuntza arloko bazkideek «euskaldun ikasle eleaniztunak» sortuko zituen eredua proposatu zutela. Administrazioei eskatu die proposamen hori kontuan hartzeko.

Administrazioak euskalduntzeko bidean ere atzerapausoak nabarmendu ditu Kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait lanpostu publikotarako hizkuntza eskakizunak jaitsi egin dituztela salatu du Bilbaok, eta ofizialak ez diren hizkuntzak, berriz, «baloratu» egin dituztela. Nafarroan «are okerragoa» da egoera, euskaldunen eskubideen kalterako «legez kanpoko lan deialdiak» egin dituelako. Administrazioa «herritarren zerbitzura» dagoela oroitarazi du Bilbaok, eta, horregatik, hizkuntza eskubideen errespetuan «aitzindaria» izatea dagokiola.

Diru gutxi euskararentzat

Euskara arlo sozioekonomikoan hedatzeak normalizaziorako berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Bilbaok. Hori lortzeko asmoz, administrazioek «plangintza estrategiko bat» abiarazi beharko lukete. Nafarroan eta Iparraldean, ordea, inongo neurririk ez dagoela salatu du Bilbaok, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, lan mundua euskalduntzeko bideratutako diru laguntzak murriztu direla ohartarazi du.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, Nafarroako egoera azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak. «Larria» dela erran du, hango Gobernuaren inbertsioak «oso eskasak» direlako. «Euskararen normalizaziorako bidean, helduen euskalduntzea ere estrategiko bihurtu behar dugu».

Euskarazko hedabideen gutxieneko kuota ezartzea «behin baino gehiagotan» eskatu du Kontseiluak. «Halakorik ez da gertatu, eta egoera bereziki kezkagarria da Nafarroan». Euskarazko hedabideek diru laguntzak lortzeko zailtasunak, Euskalerria irratia lizentziarik gabe aritzea eta ETB1 eta ETB3 LTDaren bidez ikusteko akordiorik eza paratu ditu Bilbaok adibidetzat.

Diru laguntzen politikan «krisiaren aitzakiarekin» inbertsioak murriztu direla ikusi du Kontseiluak. «Autogintzan edo tresna elektrikoen industrian inbertsioak egin dira, eta gure herriko hizkuntzaren normalizazioan, berriz, ez. Ulertezina zaigu hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.