Espainiako eta Nafarroako gobernuei "bide luzea" gelditzen zaie Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzeko, Koldo Martinez Euskara Kultur Elkargoko presidentearen hitzetan. ETBren seinalea Nafarroan hedatzeari buruz eta Euskalerria Irratiaren lizentziari eta laguntzei buruz, Europako adituen batzordeak egin duen txostena "oso argia eta zehatza" da, martinezen hitzetan: "Gure komunitatean hizkuntza politika aldatzera eraman behar du horrek". Espainiako eta Nafarroako gobernuek hizkuntza politikan duten jarrera aldatu behar dutela adierazi du.
Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestearekin, Espainiako Estatuak eta haren mendeko administrazio publikoek hainbat konpromiso hartu zituzten. Horien artean, Nafarroako Gobernuak irrati kate bat eta telebista kate bat egotea bermatu behar luke herrialdean; publikoak ez badira, pribatuak hedatzen lagundu behar du, Europako adituen batzordearen esanetan. Alde horretatik, ETBren seinalea hedatzeko eta Euskalerria Irratiarentzako lizentzia emateko urratsak egiteko eskatu dio Martinezek gobernuari, nahiz Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak daogeneko esan duen ez duela urrats berririk egiteko asmorik.
Beste ohar bat ere egin dio Martinezek Nafarroako Gobernuari: Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana estutzeko. Europako adituen batzordeak uste du bi administrazioen arteko elkarlan hitzarmenak ez duela, praktikan, ondorio esanguratsurik ekarri orain arte. Osasunbidean batik bat eta administrazio zerbitzuetan orokorrean euskararen presentzia handitzeko neurriak hartu behar direla ere oroitarazi du txostenak, Euskara Kultur Elkargoaren esanetan.