Hizkuntza politikari «zaplaztekoa» ematea egotzi dio EAJk Jaurlaritzari

Lopezek gidatzen duen gobernua «nora ezean» dabilela salatu du, eta aurrez egindako lana «moteltzea» egotzi dio

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politikari «zaplazteko instituzionala» eman diola salatu du EAJk. Azken hemezortzi hilabeteetan «karramarroaren» politika erabiltzen ari dela salatu du, aurreko legealdietan abiarazitako politikak gelditzeaz gain atzerapausoak ematen ari dela argudiatuta. «Ez dakigu gelditasun eta alferkeriaren ondorio ote den egiten ari direna, euskarari gorrotoa diotelako egiten ote duten edota bien nahasketa baten ondorioa den», kritikatu du Leire Corrales EAJko legebiltzarkideak.

Hainbat adibide jarri dituzte: euskaltegien finantzaketaren murrizketa, Ipar Euskal Herriko ikastolen laguntzen urritzea, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua ez ezartzea... Legegintzaldiaren hasieratik hizkuntza politikan izandako atzerapausoak asko direla salatu dute Corrales eta Garbiñe Mendizabal ordezkari jeltzaleek. Neurri horiek «norabide nahasi eta hutsalaren lekuko» direla salatu dute.

Patxi Lopez lehendakariak zuzentzen duen gobernuak «markak hautsi» dituela nabarmendu du Corralesek. Are gehiago, azken urte eta erdian ezarritako hizkuntza politiken ezaugarri nagusia, aurretik egindako lana ez egitea edota moteltzea dela salatu dute EAJko bi legebiltzarkideek. Jaurlaritzaren politika kritikatzeaz gain, EAJk euskara sustatzen duen hizkuntza politikaren aldeko apustua egiten duela azaldu du Corralesek. «Politika ez-neutrala diseinatu behar dugu, euskarari kalte egingo dioten politikei tokirik utzi gabe».

Kontsumitzaileen dekretua

Jaurlaritzaren «norabide nahasiaren» inguruan jarritako adibideen artean, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideen Dekretuak izandako atzerapena nabarmendu dute jeltzaleek. Dekretuaren barruan araututa zeuden isun batzuk ez ezartzeko aitzakiarekin dekretu osoa bertan behera utzi izana kritikatu diote Patxi Lopez lehendakariari. «Eusko Jaurlaritzak politikoki gaiztotu du hizkuntza eskubideen dekretua, eta gobernu honek darabilen politika frontistaren adibide argia da». Isunak ezartzeko asmorik ez badu ere, dekretuaren gainerako gaiekin aurrera jarraitzeko modua dagoela gogorarazi du Corralesek.

Udal euskaltegien zein euskaltegi homologatuen finantzaketaren gainean hartutako erabakiak ere gogor kritikatu du EAJk. Udal euskaltegientzako laguntza %12,3 murriztuko dela gogorarazi du, eta homologatuen aurrekontuaren murrizketa %2,8 izango dela. Horrez gain, udal euskaltegietako 39 irakasleren lana «kolokan» jartzea leporatu diote Blanca Urgell Kultura sailburuari. Euskaltegi horien finantzazioari buruz HABEren eta Eudelen artean lortutako akordioa etetea egotzi diote Urgelli, eta irakasleen lana kinkan jartzeaz gain ikasleen euskara ikasteko aukera ere ezbaian jartzea.

Euskara sustatzeko programen finantzaketa bera ere kritikatu du Corralesek. Izan ere, 2010ean programa horiek egin dituzten eragileek diru laguntzarik jasoko duten argitzeke dute oraindik. Horrez gain, urtea bukatzeko bi hilabete falta direla, elkarteek zenbateko diru laguntza jasoko duten ere ez dakite. Gogor salatu dute hori jeltzaleek. Aurreko legegintzaldietan diru laguntzak eskatzeko deialdiak urte hasieran ateratzen zirela gogorarazi dute, eta aurten Kultura Sailak ekainean atera dituela. Atzerapen horrek datorren urterako ekimenak arriskuan jar ditzakeela gogorarazi dute. «Beldurraren beldurrez, hainbat ekimen bertan behera uztea ekar dezake, diru laguntza seguru bat izan ezean». Egoera «larria» da, EAJren iritziz, oraindik ere elkarteek ez dakitelako haien ekimenak diruz lagunduko dituzten edota haien poltsikotik ordaindu beharko dituzten.

Seaskarentzako laguntza

Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteari datozen hiru urteetarako laguntzak murriztea ere «borondate falta argi baten lekuko» dela adierazi du EAJk. 1,1 milioi eurotik 400.000 eurora jaitsiko da urteko laguntza, eta, Corralesek azaldutakoaren arabera, Iparraldeko ikastolek laguntza soilik jasoko dute baldin eta urte bukaeran dirurik «sobera» bada. EAJk gogorarazi du ikastolak euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko «funtsezko tresnak» direla, are gehiago Ipar Euskal Herrian duten «egoera larria» ikusita. Ordea, erabaki hori PSE-EEk eta PPk sinatu zuten oinarrizko hitzarmenaren ondorioa dela azaldu du.

Kritika gehiago ere plazaratu dituzte ordezkari jeltzaleek: HABEko zuzendari berria izendatzeko modu «ezegokia», EAE eta Nafarroaren arteko protokoloaren emaitza eza, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren egoera...Aldaketaren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.