Hirugarren urtez jarraian osatu du urtekaria Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Hizkuntza politikak 2012. urtean izandako gorabeherak bildu ditu 600 orritan, euskarri digitalean, eta "samur" atera dute ondorio nagusia: "Esan dezakegu azken urte hauetan ez dela hizkuntza politiketan euskalgintzak aldarrikatzen duen erroko aldaketarik izan eta, 2012ari begira ere, aurreko urteetakoa errepika dezakegu: aurrerapausoak eman ez eta hainbat alorretan atzerapausoak ere ezagutu ditugu", adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Donostiako Koldo Mitxelenan egindako agerraldian.
2012a hauteskunde urtea izan dela azaldu du Bilbaok. Ipar Euskal Herrian eragina izan duten bi hauteskunde izan dituzte: "Hizkuntzaren gaia ezin izan dute saihetsi baina, oro har, proposamen oso lausoak eta zehaztugabeak egin dituzte hautagai guztiek". Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere hizpide izan ditu Bilbaok: "Orokorrean ez dute hizkuntza politika eraginkorrerako pauso sendorik eman. Ikusteke dago eratu berri den Legebiltzarrak zein neurri hartzen dituen". Nafarroari dagokionez, berriz, administrazioek murrizketak egiteko krisia aitzakia gisa erabili dutela salatu du Bilbaok.
Euskal Herriaren normalizaziora iristeko aterabide demokratikoaren zutabeak zehazterakoan euskaraz estatus egokia behar du izan, Bilbaoren esanetan, eta estatus hori lau ezaugarrik ardaztuko dute: berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta beharrekoa. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren asmoak gogor salatu ditu Bilbaok.
Iazko urteak utzitako alde positiboren bat bilatzen hasita, herritarrak hartu ditu gogoan Bilbaok: "Bi manifestazio jendetsu egin ziren euskararen alde: martxoan Baionan eta abenduan Donostian. Ikusi zen euskaldunok euskaraz bizi nahi dugula. Gero eta gehiago gara".