HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak uste du "armak Euskal Herriko bizikidetzatik kanpo uzteko aukera garrantzitsua" dagoela, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu die ETArekin egon daitezela "indarkeriaren ondorioez" hitz egiteko. Ez da lehen aldia hori eskatu diena. ETAk iazko urriaren 20an jakinarazi zuen jarduera armatua betiko utzi duela.
HNTko kideak astelehenean eta asteartean Euskal Herrian izan dira, "bake prozesua egonkortzeko estrategia bateratu bat bultzatzeko dauden oztopoak eta aukerak aztertzeko", lehengo astean iragarri zuenez, eta gaur eguerdian prentsa oharra argitaratu du.
Aieteko Adierazpenetik zazpi hilabete pasatu direla gogorarazi du HNTk oharrean —2011ko urriaren 17an izan zen Nazioarteko Konferentzia, Donostian—, eta pauso batzuk eman direla esan du. Nabarmenena, adierazpen hartako lehen puntuak zioena bete dela: ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela.
Bigarren puntua oraindik betetzeko dagoela dio taldeak; alegia, bi gobernuek ez dutela ETArekin hitz egin "indarkeriaren ondorioez" —Aieteko Adierazpenak "gatazka armatuaren ondorioez" esaten du—. HNTk dio gobernuek gai horri heldu beharra diotela, "interes publikoko kontua baita".
Aieteko Adierazpeneko hirugarren puntuak bizikidetzan aurrera egin beharraz hitz egiten duela gogorarazi du HNTk. Taldeak ongi hartu du Eusko Jaurlaritzak memoriari buruzko biltzarra antolatu izana berriki. "Pauso garrantzitsu horrek jarraipena izan behar du, izaera bateratzailea sustatuz, bake iraunkorra lortzeko baldintzak sortzeko".
Ordezkari politikoen arteko elkarrizketak aipatzen ditu Aieteko Adierazpenak laugarren puntuan, HNTk esan duen bezala, eta hor ere ikusi du aurrerapausorik azkenaldian: Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldearen sorrera. Hain justu, Alberto Spektorowski HNTko kidea atzo lantaldearen bileran izan zen eta gustura atera zen. Euskal Herrian den egoerarekin "baikor" dagoela esan zuen. HNTk, dena dela, azpimarratu du eragile politiko eta sozialen parte hartzea erdiesteko "ahalegin berezia" egin behar dela. Hala, "kezkaz" ikusten du Sortu ezker abertzaleko alderdiaren legeztatzea Espainiako auzitegietan izaten ari den "atzerapena".
Espainiako Gobernuak presoak "gizartzerako" aurkeztu duen programa ere "aurrerapausoa" dela deritzo Harremanetarako Nazioarteko Taldeak. Presoek etxetik hurbilen dauden kartzeletan egon behar dutela azaldu du.