Bilkura eta agerraldia egin dituzte, gaur goizean, Jean Rene Etxegaraik eta HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ordezkaritzak. Brian Currin, Raymond Kendall eta Alberto Spektorowski agertu dira Baionako herriko etxera, HNTren amaiera kari egiten ari diren bilkura sortaren harira. Gaur arratsaldean zeremonia eginen dute Aieten, eta bertan emanen dituzte izan duten ibilbidearen bukaeraren azalpenak.
Prentsaren aitzinean egindako adierazpenetan, 2011an Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik gaur arte izandako gorabeherak gogora ekarri ditu Etxegaraik, eta Currinen tadeari eskerrak emateko baliatu du: "Ohartzen zarete zer bide egin dugun? Beharrik hor izan zareten". 2011an jarduera armatua utzi zuenetik, ETAren engaiamendua zalantzan jartzeko arrazoi bakarra ere ez dela izan azpimarratu du, eta azken urteetan, Baionan eta Ipar Euskal Herrian izan diren mobilizazioak gogora ekarri ditu, gizarte zibilari izan duen parte hartzeagatik eskerrak emanez.
Urte hauetan izandako zailtasunak ere gogoan izan ditu Euskal Elkargoko lehendakariak, eta 2014an HNTko kideak Baionako polizia etxera deklaratzera deituak izan zirenekoa baliatu du, Frantziako eta Espainiako Gobernuari kritika helarazteko. "Armagabetzea aitzineko urteetan isilik egon dira; gizarte zibilarentzat jasan ezina zen isiltasun batean. Denek zekiten armak hemen zeudela. Frantziak eta Espainiak parte hartu izan balute, Luhusokoa ez zen gertatuko". Baina oztopoak aipatu baditu ere Etxegaraik oroitarazi du Frantziak ez zuela trabarik jarri apirilaren 8ko armagabetzerako. "2011tik hona nire egoera ere aldatu da. Lehen bakearen militantea nintzen, baina geroztik Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakari naiz. Zilegitasun osoa nuen egin dudana egiteko".
Frantziako Gobernuarekin izandako harremaneak ere gogorarazi ditu, Pauen (Okzitania) Bernard Cazeneuve lehen ministroarekin izandako bilera aipatuta: "Erabakigarria izan zen ondoren Eric Morvan prefetak hartu zuen jarreran". Armagabetzea "ez oztopatzea" erabaki bazuen ere, Etxegarairen ustez ezin da erran Frantzia gatazkaren konponbidean sartu denik: "Ate txikitik sartu da; berraskidetzerako urratsak egitekoak dira oraindik".
Presoak eta biktimak aipatu ditu, eta Frantziako Gobernuak bide hori eginen duela espero duela. HNTko kideei mezua helaraziz bukatu du hitzartzea Etxegaraik, egin duten lana eskertu ondoren. "Espero dugu gure alboan segituko duzuela, zuen beharra izanen baitugu presoen eta biktimen arloan irekiko den urrats berrian".
Zeremonia arratsaldean
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak zeremonia bat eginen du gaur arratsaldean Aieten, bere ibilbideari amaiera emateko. Horiek horrela, ez du gauza handirik erran Brian Currinek Baionan. Eskerrak ematera mugatu da. Jean Rene Etxegarairi, "hasieratik prozesuari erakutsi dion babesagatik"; 2011tik sekretupean abiatutako lanagatik, FN ezik, Ipar Euskal Herriko alderdiei; gizarte zibilari, izan duen parte hartzeagatik.