Duela 81 urte, 1936ko abuztuaren 30eko arratsean, Juana Josefa Goñi 38 urteko gazteluarra eta haren sei seme-alabak desagertu ziren Malerreka eskualdean. Nafarroan 36ko gerraren testuinguruan gertatutako krimenik ilunenetakoa izan zen, eta zurrumurruek, kondaira itxurak eta isiltasunak estali zuten luzaroan. Sagardia-Goñi sendiko kideak Legarreako leizean amilarazi zituztela zioten zurrumurruek, Gazteluko eta Legasako lurrek bat egiten duten tokian.
80 urte geroago, familiak gordetako memoriak, Jose Mari Esparza historialariaren ikerketak eta Aranzadi zientzia elkartearen lanak leizetik egia azaleratzea lortu zuten. Iaz atera zituzten arrastoak leizetik, eta, asteburuan, omenaldia egin zieten Gaztelun.
Lehenik, leizearen sarreran jarri zuten oroitarria inauguratu zuten; ondoren, Gazteluko plazan, senideei eman zizkieten aztarnak. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako kontseilaria eta Isabel Elizalde Nekazaritza Garapenerako kontseilaria. Omenaldiaren ostean, hilerrira eraman zituzten gorpuzkiak, eta bertan hobiratu.
Ollok udalaren, memoriaren aldeko elkarteen, Satorrak espeleologia taldearen eta Aranzadi zientzia elkartearen lana eskertu zuen.
Otsoportillon, berriz, ekitaldi bat egin zuten, 1936an hango leizera bota zituzten herritarrak gogoratzeko. Ekitaldiaren aurretik eraso egin zioten horien omenezko eskulturari, leizean gehiagorentzako lekua dagoela mehatxu eginez.