Moilan hasi dira poliziak Egiluzen bila, gaur goizean, auzitegiak agindu bezala."Gure esku dagoen guztia egingo dugu, baina oso-oso zaila gertatzen ari da bilaketa", Anberesko polizien bozeramaileak esandakoaren arabera. Atxilotuetako batek esan du lapurtzera joan, eta labainkada bat sartu ziotela; bertako berri agentziek hala diote, ikerketa iturriak aipatuz. Gazet van Atwerpen-ek ez du baieztatu hori, "ez baitago batere argi zer gertatu den", baina "hipotesi hedatuena" da lapurtu egin ziotela pistola eskuan, eta nahi ez zuten egoera batera iritsi zirela.
Joan den urriaren 18az geroztik dago desagertua galdakaoarra, Flandriako hirian. Ordutik bost lagun atxilotu ditu Belgikako Poliziak haren desagerpenarekin zerikusia dutelakoan.
Deustuko Unibertsitatean lizentziatu zen Egiluz 2012an, eta martxotik Anberesko enpresa batean lanean ziharduen ingeniari informatiko gisa. Aurkitzeko laguntza eskatu dute senideek, eta doako hainbat telefono zenbaki ireki dituzte Poliziarekin harremanetan jartzeko 24 orduz.