Duela urtebete emandako hitza irentsi behar izan du Eusko Jaurlaritzak, eta onartu egin du atzeratu egin beharko duela hitz emandako hogei lege proiekturen aurkezpena. Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak azaldu duenez, Jaurlaritzak iaz aurkeztutako egutegian ezjakintasuna nagusitu zen, eta legeen prozedura eta tramitazio denbora jakin gabe egin zuen iragarpena.
Atzeratutako hogei legeen artean daude Udal Legea, Etxebizitza Eskubidearena, Nekazaritza Politikarena, Poliziaren Legea, Lehiaren Agentziarena, Larrialdien Kudeaketarako Legea eta Gazteriarena.
Lege proiektuak aurkezteko beste egutegi bat egingo dutela dio Jaurlaritzak, eta egutegi horrek, baietz, «esperientziaren errealitatea» islatuko duela.
Oposizioa, haserre
Atzerapenaren berri jakin bezain laster, Aralarrek, EAk, EBk eta UPDk eskatu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek Eusko Legebiltzarrean azalpenak eman ditzan, lege proiektuok «behin eta berriro» atzeratzen ibilita, Legebiltzarraren lan dinamikan ere eragina duelako.
Aralarreko ordezkari Dani Maeztuk salatu du Lopezen gobernua ez dela «fidatzekoa», «lehenbiziko egunetik» ez duelako bete legegintzaldiko egutegia. Maeztuk bereziki Etxebizitza Legea aipatu du, Jaurlaritzak Aralarrek egindako proposamena atzera bota zuelako eta oraindik ez duelako haren ordezkorik aurkeztu.
Hogei lege atzeratu egin ditu Eusko Jaurlaritzak
Oposizioko hainbat alderdik Patxi Lopezen agerraldia eskatu dute atzerapen horiek esplika ditzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu