Hogeina urtera kondenatu dituzte Albisu eta Iparragirre

Zigorrak ez dira fiskalak eskatzen zituen bezain gogorrak izan, eta auzipetu askok poza ere agertu dute«Kalitatezko epaia» ikusirik, magistratuen «inteligentzia» txalotu du Comte abokatuak

Jenofa Berhokoirigoin.
Paris
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Kartzela zigorrak, baina uste baino txikiagoak azkenean. Txaloka, poztasunez kantuz, batzuk irria aurpegian eta negarra begian bukatu zen atzo gauean Parisko Auzitegi Berezian hamar euskal herritarren aurka egiten ari zen auzia. Poza nagusi zen, ez zuelako inork espero auzitegiak eman epaia. Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu Mikel Antza-k 20na urteko kartzela zigorra jaso dute, Juan Kruz Maizak 17 urte, Peio Alcantarillak 10 urte, Jose Ramon Arano eta Mikel Negretek 8na urte; 2004. urtetik direnez preso sei urte kendu behar zaizkie kartzela urte horiei. Askatzen dituztenean, Iparragirre, Albisu eta Maiza ezingo dira Frantzian gelditu.

Lurdes Urdanpilletari lau urte ezarri diote, bi sursiarekin, Robert Arranbideri berdin, Miriam Inzabiri 3 urte, bi sursiarekin, eta Xabi Oxaranok bost urte, bi sursiarekin. 2004ean atxilotu zituztenean preso egon ziren denboran bete zuten orain ezarritako zigorra, eta lauak aske gelditu dira.

Horrez gain, epaituen etxeen hartzea ez du onartu epaileak. «Ezin daiteke sinetsi, amets bat da ala?» zioen ateratzean Arranbidek.

«Horrelako kalitatezko epaiak ez dira usu gertatzen» zioen pozez Antoine Comte abokatuak. Zehaztera eman duenez, magistratuek «molde inteligentean burutu dute zuzenbidea», hau da auzian zehar pausatuak izan diren galdera eta kezka guztiak jorratu dituztelako eta epaia pertsonalizatua izan delako. «Denak dira pozik, bai epaituak, bai abokatuak, bai epailea, denak!». Bai denak auzitegira hurbilduak ziren senide eta lagunak baita. Erran behar da fiskalak askoz zigor gogorragoak zituela eskatzen. Hogeita hamar eta hamabi urte artean eskatzen zuen presoentzat eta zazpi eta bost urteren artean kontrol judizial pean direnentzat.

Epaiaz erabakitzen ari zirela, elkarretaratzea burutu zuten lagun eta senideek auzitegi aitzinean.

Gatazka konpontzeko deia

Azaroaren 15ean epaiketa hasi zenetik auzipetuek behin eta berriz egin dute Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konpontzeko deia eta atzo goizean berretsi egin zuten deia. «Hemen gertatzen ari denak koadro juridikoa gainditzen du, afera politiko bat da eta politikariei dagokie horri erantzutea» argiki erran zuen Iparragirrek. Albisuk ereoroitarazi du «gatazkari aterabide politiko eta justu batenaurkitzeko desioa» daukatela eta berretsi egin du Frantziako Estatuak Euskal Herriaren gatazkan«esku sartze zuzena» duela. Bukatu zuen erranez haien askatasuna ez dutela eskatzen baina bai Euskal Herriaren askatasuna dutela exijitzen, «hau ez deno aske izanen haiek ere ez direlako aske egongo».

Epaiketa guztian zehar salatu dituzten egoerak berriz gogora ekarri zituzten presoek: Guardia Zibilarentorturak, Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko kolaborazioa, Jon Anzaren heriotza, euskal preso politikoen eskubideen urraketak. Alcantarillak jasan torturak aipatu dira eta Iparragirrek argiki eta ozenki aurkeztu du fiskala «torturatzaileak gustuko» dituen pertsona gisa, gehituz «ohore» bat dela «bere parean dagoen lubakian egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.