Sakabanaketa

Hollande: "Espetxe politika bakarra daukagu"

Bilera egin dute Parisen Espainiako eta Frantziako gobernuek. Euskal presoak Espainiako estatura eramatea aztertzea espero bazuten ere, ez dute horren berri eman.

Hollande eta Rajoy, iazko goi-bileran. KIKO HUESCA / EFE
2014ko abenduaren 1a
07:08
Entzun

Frantziako eta Espainiako estatuen arteko 24. goi bilerari hasiera eman diote gaur Parisen bi gobernuek. Mariano Rajoy eta François Hollande izan dira buruan, eta bi kabineteetako hainbat ministrok ere parte hartu dute. Bileraren ostean Hollandek hitz egin du, eta euskal presoez soilik gauza bat esan du: "Espetxe politika bat daukagu, bakarra, eta ez dugu bereiztasunik egiten presoekin", esan du Eliseoan.

Hori baizik esan ez duen arren, bi gobernuek Frantziako Estatuko kartzeletan dauden euskal presoen egoera lantzea espero zen. Hain zuzen ere, estatu osoan zehar sakabanatuta dauden hainbat euskal preso Espainiako Estatuko kartzeletara eramatea aztertzekoa zuten. Europako Batasuneko estatu kideen zigor ebazpenak aitortzeko aldaketa egin du 2008ko araudian. Horren ondorio zuzena litzateke presoen lekualdatzea. Espetxe aldaketak, edonola, ez luke bermatuko Hego Euskal Herriko espetxeetara ekartzea.

Neurriak 56 euskal presorengan izango luke eragina, zigor irmoak izan, eta Frantziako Estatuan epaitu gabeko kausarik ez dutenengan, alegia. Horietako batzuk dira Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaideak eta Ibon Fernandez Iradi gaixo dagoen presoa. Guztira 97 euskal preso daude Frantziako Estatuko espetxeetan.

Bileran beste hainbat gai ere izan dituzte aztergai bi gobernuek. Besteak beste, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak aurkeztutako planaz, konexioen planaz, immigrazioaz, ebolaz eta Palestinako Estatuaren aitorpenaz mintzatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.