Frantzia

Hollandek uko egin die konstituzioa aldatzeko asmoei

"Terrorismoaren aurkako borroka" argudio hartuta, larrialdi egoerara deitzeko baldintzak aldatzea eta 'terrorismoaz' akusatutakoei frantziar herritartasuna kentzeko aukera gehitzea ziren erreformaren helburuak. Azkenean, ordea, ez du nahikoa babesik lortu.

Frantziako presidente François Hollande. CHRIOPHE SAIDI / EFE
2016ko martxoaren 30a
07:16
Entzun

Atzera egin du azkenean François Hollande Frantziako presidenteak konstituzioa erreformatzeko asmoetan. "Parlamentuko eztabaida ixtea erabaki dut; ez naiz urtarrileko eta azaroko atentatuen ostean hartutako konpromisoetatik desbideratuko, eta nire esku dagoen guztia egingo dut segurtasuna bermatu eta frantziarrak terrorismotik babesteko. Hori da nire eginbeharra eta erantzukizuna, eta azkenera arte beteko dut, beharrezko indarrarekin".

Bi ziren erreformaren helburu nagusiak: batetik, larrialdi egoera ezartzeko baldintzak aldatzea, eta, bestetik, "terrorismoaz" akusatutakoei Frantziako herritartasuna kentzea. Azkenean, baina, ezin izan ditu iragarritako neurriak hartu, ez baitu lortu nahiko babesik Batzar Nazionalean eta Senatuan, eta oposizioak berak ere gogor gaitzetsi ditu proposamenok. Oposiziotik ez ezik gobernutik bertatik ere begi txarrez ikusi dute askok egitasmoa; besteak beste, horren ondorioz eman zuten dimisioa bai Christiane Taubira Justizia ministroak eta baita Laurent Fabius Atzerri ministroak ere.

Hollandek, beraz, ez du atzera egin beste aukerarik izan. Aldi berean, baina, salatu egin du erabaki hori hartzera bultzatu dutenen jarrera: "Egungo mehatxu terroristaren aurrean gure esku dagoen guztia egin behar dugu banaketak saihesteko. Terrorismo islamistak gerra deklaratu dio Europari, Frantziari eta mundu guztiari. Gerra hau luzea izango da, eta gurutzada horri aurre egiteko urrats zehatzak egin behar ditu Europak, eta erantzun jakinak eman behar dizkiogu guk ere nazio gisara".

Hollandek proposatutako neurrien artean zeuden mugen kontrolak zorroztea eta polizien eskumenak zabaltzea, besteak beste, armak erabiltzeko garaian. Arma trafikoaren kontrako zigorrak gogortzea ere aurreikusten da, hala nola estatuaren kontrako delituak egin eta herritartasun bikoitza dutenei herritartasuna kentzea, eta mehatxu diren atzerritarrak kanporatzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.