EAJk eta PSE-EEk abuztu amaieran ezagutarazi zuten Jaurlaritza berria osatzeko gobernu akordioa. 92 orriko dokumentua da, eta neurri eta erabaki ugari bildu dituzte; besteak beste, hondakin industrialen «gaikako bilketarako, karakterizaziorako, biltegiratzeko eta balorizaziorako kudeaketa publikoko zentro bat abian jartzea» adostu dute bi alderdiek. Zentro hori erreferentziazko zentro bat izango litzateke, gobernu akordioan diotenaren arabera. Aipamen horretara mugatzen da proiektu horren nondik norakoa.
Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko lur jausia gertatu ondoren dator Jaurlaritza berriak hartuko duen neurria. Mugimendu ekologistakoek zabortegien kudeaketa publikoa eskatu izan dute, hondakin industrialen kudeaketa esku pribatuetan baitago.