Hondakinak biltzeko ereduaren inguruan adostasunak izan dira Gipuzkoako hainbat herritan, eta horien inguruko gogoeta plazaratu du gaur Gipuzkoa Zero Zabor taldeak.
Elkarteak kritika egin die hondakinak atez ate biltzeko sistema baztertu duten herrietako ordezkariei, eta zoriondu eredu horren alde egin dutenei. "Bilketa eraginkorra iragartzen ari zaizkigu, proposatutako sistemek horretarako inolako bermerik eskeini ez badute ere. Emaitza ona ematen duela frogatu ez duen sistema batekin helburua beteko dela esatea kea saltzea da. Kezkagarria da zenbait herritako politikariek irtenbideari muzin nola egiten dioten ikustea", adierazi du.
Datu ugari jarri ditu Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak adibide gisara: "Edukiontzien sistemak kasu guztietan porrota izan du, inoiz %40ko gaikako bilketa gainditu ez duelarik bost urtean. Atez ateko bilketa sistemak erabateko arrakasta izan du, kasu guztietan %70etik gora gaika bilduz jarri eta hilabete bakarrera".
Emaitza horiek lortzen dituzten bilketa sistemei "hipotesietan oinarritutako esperimendu berriak" eransten ari direla kritikatu du taldeak.
Adostasuna "gauza desiragarria" dela esan du taldeak, "betiere arazoak konpontzeko bada". "Amildegian behera salto egiteko edota arazoari irtenbide errealik ez emateko ados jartzea, aldiz, larria da", gaineratu du.