Erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresa talde kudeatzailearen asmoa da hainbat egun edo astetan hondakinak erretzen jarraitzea, erraustegiaren egitura guztiak behar bezala doituta daudela ziurtatzeko. Atzo bertan, hala ere, arazo teknikoak izan zituzten.
Berez, erraustegia martxan eduki behar zuten iazko azaro ingurutik, baina ekainean transformadore nagusian izandako leherketaren ondoren, lau hilabetez atzeratu da proba aldia, eta oraindik probak egiten ari dira. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko arduradunek martxoaren 3ra arte eman diote epea Ekondakini erraustegia martxan jar dezan. Bitarte horretan, erraustegia oraindik martxan ez edukitzeagatik zabaldu beharko lituzkeen balizko zigor prozedurak tiraderan sartu zituen joan den abenduan egindako batzarrean. Herenegun GuraSOSek jakinarazi zuenez, administrazioarekiko auzi prozesua hasi du elkarte horrek Donostiako epaitegian, uste baitu GHK enpresen erantzukizuna estaltzen ari dela, zigorrak ordaindu behar izan ez ditzaten. Hain zuzen ere, 21 milioi euro zor dituztela uste du GuraSOSek.
Bestalde, elkarte horrek berak salatu du Zubietako erraustegiaren ingurumen baimen bateratua iraungita dagoela abendutik. Eta hori deklaratzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Jaurlaritzak dio apiril bukaera arte luzatu duela ingurumen baimen bateratua eta ez dagoela iraungita.