Hilabete eta erdi barru, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak prest izango du zaborren kudeaketarako plan berri bat. Hala berretsi du Juan Karlos Alduntzinek, partzuergoko lehendakari eta Ingurumen diputatuak. «Batzuek ez dute konturatu nahi Gipuzkoak zero zabor politikaren aldeko apustua egin duela. Errealitate horretara egokitutako plan bat egingo dugu. Etxeko lanak ondo egin nahi ditugu».
Alduntzinek gogorarazi du udalek dutela zaborrak kudeatzeko ardura: «Errespetua eta legitimitate demokratikoa eskatzen ditut haien erabakientzat». Atez atekoari esker hemendik gutxira zabortegira botatzen den hondakinen kopurua %5 gutxituko dela nabarmendu du, eta horrek gora egingo duela udalerri gehiagotan ezartzen joan ahala.
Bizkaiak Gipuzkoako zaborrak jasotzeari uko egin izana ez zaio garrantzitsua iruditzen. «Iaz 18.000 tona eraman genituen Bizkaira. Lurraldeko hondakinen %8 baino ez da hori, eta ziur gaude ezarri ditugun politikei esker %8 hori murriztea lortuko dugula». Gogorarazi du ez dagoela zabortegiak ixteko epea ezartzen duen agiririk. «Baina gure helburua ixtea da».
PSE-EEk herenegun esan zuen Gaztela eta Leonek (Espainia) uko egin diola Gipuzkoako zaborrak jasotzeari. Alduntzinek ukatu egin du partzuergoak hondakinak hara bidaltzeko asmoa duela. «Hango enpresa batek Lapatxetik lortzen den produktu bat tratatzen du. Hori besterik ez».
Hondakinak kudeatzeko plan berria ekainerako aurkeztuko du Alduntzinek
Gipuzkoako Ingurumen diputatuak errespetua eskatu du udalek har ditzaketen erabakien inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu