Hondakinei «disuasio zerga» bat ezartzea planteatu du Arriolak

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak eskatu die enpresei modu «gardenean eta argian» integratu dezatela hondakinen kudeaketa «ekoizpen kostuen» barruan

Arriola, joan den otsailaren 18an, legebiltzarreko diputazio iraunkorrean azalpenak ematen. JUANAN RUIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 26a
13:44
Entzun

Hondakinen «kudeaketa eredua» aldatu behar da, Iñaki Arriolaren esanetan, eta horrek «jasangarria» izan behar du. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak esan die enpresei modu «gardenean eta argian» integratu behar dutela hondakinen kudeaketa «ekoizpen kostuen» barruan. Eta horretarako proposatu du hondakinei «disuasio zerga bat» ezartzea, zerga ekologiko bat. Bilbon egin ditu adierazpenok Arriolak, Basque Ecodesign Meeting kongresuaren hasierako ekitaldian.

«Zaldibarko zabortegian gertatutako desastre humano eta ingurumenekoak, zeinaren arrazoiak eta erantzukizunak dagokionean zehaztu beharko diren, Euskadin sortu beharra dugun ekonomia zirkularreko ereduari buruzko gogoeta sakona eginarazi behar digu», adierazi du. Horrenbestez, Arriolak orain uste du ez dela «ez onargarria, ez jasangarria», hondakinak zabortegietara eramatea enpresen «lehen aukera» izatea. Haren hitzetan, «beste irtenbide batzuk egonik», hondakinak botatzea irtenbide «erraza» da. Planteatutakoan sakonduz, sailburuak uste du «orain arte bezala» hondakinak botatzeak ezin duela aurrerantzean «hain erosoa eta hain merkea» izan.

Zerga horrek lagundu beharko luke, Arriolak esan duenez, «irtenbide teknologikoak eta hondakinen balioztatzea indartzen», modu horretan, «lege zein zerga tresnak» baliatuz, hondakinak botatzea ez dadin izan enpresen aurreneko aukera. Beraz, sektore publikoa eta pribatua elkarlanean jarriz, hondakinak aprobetxatzeko ekinbideak sustatu nahi ditu, «kostu ekonomiko handiagoa eragin arren kutsadura gutxitzen lagunduko dutenak».

Datuak

Ingurumen sailburuak Bilbon azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak 6,3 milioi tona hondakin eragiten ditu urtero. Kopuru horren %60 hondakin industrialak dira; %21, eraikuntzako materiala; eta %19, hiri hondakinak. 6,3 milioi tona horien %58 birziklatu egiten da; %6 «balioztatze energetikoko» instalazioetara bidaltzen dute, eta %37, zabortegietara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.