Hondakinei irtenbidea emateko "gaitasunik" ez izatea egotzi dio EAJk Bilduri

2014ko azaroaren 20a
19:07
Entzun

Hondakinen alorrean "gezurra" esatea egotzi dio Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EAJko hautagaiak diputazioari, Lapatxeko zabortegira eginiko bisita batean. Zubietan TMB planta egiteko baimena ez du luzatu Jaurlaritzak, eta erabaki horrek kutsu politikoa duela salatu du diputazioak.

Olanok, ordea, uste du aldundiak hondakinei irtenbide bat emateko "gaitasun falta ezkutatu" nahi duela adierazpen horien atzean. Argudiatu du diputazioak egin nahi dituen azpiegiturak eta aurreko legealdian aurreikusitakoak "erabat ezberdinak" direla eta, beraz, beste ingurumen baimen bat behar dutela: "Proiektu berri batek baimen berri bat behar du".

PSE-EEk adierazi duenez, "iragarritako heriotza baten kronika" izan da Jaurlaritzak TMBren gainean egindako iragarpena. Denis Itxasoren arabera, proiektu zehatzen baimenak horren inguruko xehetasun guztiak ezagutu ostean ematen dira, eta esan du Bilduk, administrazioaren funtzionamendua nolakoa den jakinda ere, "aurrerantz ihes" egitea erabaki zuela, "denbora irabazteko helburu bakarrarekin".

PSEk dioenez, hondakinen kudeaketan dirua "xahutu" da, eta Europako babes ekonomikoak "galdu" egin dira. "Arazoaren tamaina maneiaezina da Bildurentzat, eta irtenbiderik jartzen ez badiogu, aurpegian eztanda egingo digu". Horrekin batera, EAJren jarrera ere salatu du Itxasok, gaiaren aurrean "arduragabe" jokatzeagatik.

PPko batzarkide Txema Murgiondok, berriz, nabarmendu du herritarrek jasan behar dituztela diputazioak hondakinen kudeaketan izandako "akatsen ondorio larriak". Aldundiari "aldebakartasunez" jokatzea egotzi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.