Hiri hondakinak

Hondakinen %38,5 birziklatu zituen Bizkaiak iaz, ez %67,7

Ekologistak Martxan-ek salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak hiri hondakinen kudeaketari buruz emandako datuak okerrak direla, Europako araudiari ez diolako jarraitu.

Artigasko zabortegia. AITZIBER LASKIBAR LIZARRIBAR
inaki petxarroman
2015eko martxoaren 25a
16:25
Entzun

Gorka Bueno EHUko irakasleak egindako txosten bat oinarri hartuta, Ekologistak Martxan erakunde ekologistak salatu du, iaz egin bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen tratamenduaren inguruan erabili dituen adierazleak "oker" daudela, eta irudi "desitxuratua" eman diela herritarrei. Hala, foru aldundiak emandako datuen arabera, 2014an hondakinen %67,7 birziklatu zituen Bizkaiak. Alabaina, Gorka Buenok, Europako metodologia erabilita, birziklatze tasa, gehienez, %38,5ekoa izan zela ohartarazi du.

Izan ere, EHUko irakaslearen arabera, Bizkaiak erabilitako metodologia ez dator bat Europako Batasuneko 2008/98/CE Hondakinen Esparru Zuzentarauaren araudiarekin. "Europako metodologiarekin bat ez datozen datuak, taulak eta masen balantzeak erabili ditu berriro ere Bizkaiko Foru Aldundiak", kritikatu du irakasleak.

Iaz antzeko azterketa bat egin zuen Buenok, baina ohartarazi du aurten berriro ere aldatu duela aldundiak kalkulua egiteko modua, eta, hala, birziklapen osoaren indizea %43,9tik %67,7ra igo duela. "Konponketa hori arbitrarioa da, eta ez du justifikaziorik behar", ohartarazi du Buenok: "Zabalgarbiko tximiatik barreiatzen diren hiri hondakin erraustuak ez direla existitzen esatea bezala litzateke; alegia, ez direla sortzen, ez eta tratatzen ere, eta, beraz, ez dutela ingurumen eraginik. Badakigu hori faltsua dela". 

Ekologistak Martxanek eta Gorka Buenok adierazi dute Bizkaiko tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) plantak ez duela behar bezala funtzionatzen. Izan ere,  TMB plantara iritsitako hondakin jarioaren %42 zabortegira eraman zuten, Q sukarrarekin izan zuten arazoaren ondorioz. Zabortegira beharrean, hondakin horiek Zabalgarbira eraman beharko zituzten.

Aldi berean, hondakin konpostatuetan, 2016ko helburuetara iristeko, %790eko hazkundea izan beharko luke Bizkaiak bi urteko epean, Buenoren iritziz. Horri buruzko argibideak eman behar ditu aldundiak, Ekologistak Martxanen ustez. Aldi berean, Buenok gogoratu du Europak 2016rako ezarritako birziklatze helburua %50ekoa dela, eta Bizkaia hortik urrun dagoela oraindik.

Gaika bildutako gaien multzoan 69.886 tona (%45,8) eraikuntza eta konponketa hondakinak ziren Bizkaiak emandako txostenean. Baina Europako Hiri Hondakinen Gidaren arabera, hondakin horiek ez dira hiri hondakinen atalean zenbatu behar, RCDen multzoan baizik. "Hartara, Bizkaian benetan birziklatutako hiri hondakinen kopurua %38,54 horretatik beherago legoke". 

Aldi berean, Buenok gogoratu du amaierako tratamendutik datozen hondakinen jarioak ezin direla hondakinen estatistiketan aintzat hartu, esate baterako erraustetik sortutako errauts eta zepak. Bada Bizkaiko Foru Aldundiak  birziklatutzat jo ditu Zabalgarbiko errauste prozesutik irtendako zepak (42.648 tona). Gainera, Buenok gogoratu du zepak, 2009an eta 2012an, Zallako eta Igorreko zabortegietan isuri zituztela. Eta, gainera, 2012koan egindako ikerketen arabera, disolbatutako karbono organikoaren gehiegizko maila dela-eta, ezin zirela isuri hondakin ez arriskutsuen zabortegietan. "Aldundiak argitu beharko luke ea 2014an Zabalgarbin sortutako zepek hondakin ez arriskutsuen araudia betetzen ote duten". 

Azkenik, Buenoren txostenak beste irregulartasun bat ere aipatu du. Izan ere, Zabalgarbiko errauste planta 2013an 132 egunez geratuta egon zen eta ez zuen elektrizitaterik sortu. Beraz, denbora tarte horretan, hondakinak ezin izan ziren energetikoki balorizatu. Bada, Buenok kritikatu du, hori hala izanik ere, aldundiak 2013an erraustutako hondakin guztiak energetikoki balorizatutzat jo zituela, eta horrek eragina daukala 2014ko datuetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.