Otsailaren 24an jarri du hurrengo hitzordua Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM). 17:30ean, Donostiako Gipuzkoako Plazatik hasita, hiri hondakinak ia guztiak gaika bildu eta kudeatu daitezkeela aldarrikatuko dute. "Gipuzkoa osoan hondakin bilketa eraginkorra" eskatu dute, "tokian tokiko berezitasunetara moldatua, baina birziklagarriak eta konpostagarriak diren hondakin guztiak bildu daitezela". Hala egingo balitz, "erraustegi toxikorik" ez litzatekeela behar adierazi dute EAMko ordezkariek Donostian gaur egindako agerraldian. Ildo horretan, Zubietako gainetan martxan diren lanak gelditzeko eskatu dute berriro ere.
Erraustegiaren aurkako taldeek adierazi dute posible dela aipatutako %80ko bilketa tasa lortzea. Horren adibide gisa jarri dituzte Sasieta eta Debagoieneko mankomunitateetako iazko bilketa datuak. Sasietan %75 gaikako bilketa lortu zuten, eta Debagoienean %79koa. Horren kontrapuntuan jarri dute Donostia. Izan ere, han biztanle bakoitzak 280,80 kilo zabor nahasi sortu zituen iaz, batez beste. Lehen aipatutako mankomunitate horietan ez da 80 kilora iristen.
Manifestazioan herritarrak nahi ditu protagonista EAMk, hain zuzen ere, hondakinak ondo bereizi eta egin beharrak "txukun" egiten dituztenak. "Haiei eman nahi diegu ahotsa", adierazi dute.