Julio Barea

"Hondakinen atez ateko bilketa da etorkizuna"

Julio Bareak tamalgarritzat jo du EAJk eta beste zenbait alderdik atez ateko gaikako bilketaren aurka egindako kanpaina. Etorkizuna hor ikusten du, eta gogoz txalotu ditu horretan ari diren udal eta eragileak. 

inaki petxarroman
2015eko ekainaren 4a
11:29
Entzun

Espainiako Estatuko rankingaren barruan Nafarroa hoberen dagoen erkidegoetako bat dela azpimarratu du Julio Bareak, Greenpeacek egindako Ingurumenaren Erradiografia Sozialaren Txostenaren koordinatzaileak. EAE atzean dago, ingurumenaren egoera kaxkarra delako bertan. Hego Euskal Herri osoan dago zer hobetu asko, hala ere.

Energiaren alorrean daude fracking-a aztertzeko baimenak eta Kantauri itsasoko hidrokarburoak bilatzeko prospekzioak. Zer iruditzen zaizue?

Gaizki. Hau Espainiako Gobernuaren erabakia da, eta alde guztietan inposatu du. Nafarroan, ikusi duzue, Auzitegi Konstituzionalera eraman dute bertako legea, eta han baliogabetu dute. Euskadiren kasuan, nahiz eta herri ekinaldi legegile bat egin eta Jaurlaritzari eskatu fracking-aren aurkako lege bat egiteko, bada, hor ere Madrilek mehatxu egin dio, halakorik egingo balu errekurritu egingo lukeela. Jaurlaritzak jarrera argitu behar du, joko bikoitza egiten ari delako. EAJk bere burua behartuta ikusi du atzerapen bat agintzeko, baina bozen ondoren ikusi beharko da. Hala ere, nabarmendu behar da gizartean teknika horiek garatzearen aurka sortutako mugimendua. Horrek itxaropen handia ematen digu, eta, gainera, konbentzituta gaude fracking-ak ez duela aurrera egingo.

Bizkaian hidrokarburoak bilatzeko prospekzioak egiteko baimena eman zaie hainbat enpresari. Zer iritzi duzue?

Gogoratu Repsolek ia atzeko atetik atera behar izan zuela Kanariatik, bere irudia hondatuta ikusi ondoren. Edonola ere, kezkatzen gaitu albiste batek: Capricornek uko egin die Valentzian eta Balear uharteetan egin nahi zituen prospekzioei, eta beldur gara trukean ez ote duen eskatuko Bizkaikoekin aurrera egitea. Hala ere, azaroan hauteskundeak daude, eta ia alderdi guztien konpromisoa da fracking-a eta petrolio prospekzioak debekatzea. Beraz, espero dugu hala izatea, Frantziak egin duen moduan.

Euskal kostaldearen egoera bereziki kezkagarria dela esan duzue.

Bai, hor daude dragatzeak eta hondartzen suntsitzea, Bilboko itsasadarreko kutsadura jarduera industrialaren ondorioz. Eta, bestalde, Mundakan egiten ari diren dragatzea.

Txalotu duzue Gipuzkoan eta Nafarroan atez ateko bilketaren alde egiten ari den lana.

Erabat. Alderdi batzuen erabateko manipulazioarekin zikindu da gaia, eta nahastu dituzte gauzak, joko politiko alderdikoia eginez. Atez atekoa Katalunian egiten zen Euskal Herrian baino lehenago ehunka herritan. Kanpaina hau huts ikaragarria da, zeren atez atekoa eta hondakinen gaikako bilketa etorkizuna baita. Edukiontzien sistemak goia jo du, ez baitu lortzen gehiago bereiztea eta birziklatzea. Kontuan izan behar dugu errauste planta ez dela ezeren irtenbide, eta horren atzean diru asko eta interes asko baino ez dagoela. Ezin ditugu herritarrak ahaztu. Herritarrak erantzule gara. Nik erosten ditut gauzak, nik sortzen ditut hondakinak, eta, beraz, nik ere inplikatu behar dut gero kudeaketan. Horrenbestez, funtsezkoak dira atez atekoa eta sistemak zero zabor politiketara iristeko eta hondakinak erraustu behar ez izateko.

Jakingo duzu EAJk foru hauteskundeak irabazi dituela eta errauste plantaren gaia berriro ere mahai gainean jar daitekeela. Nola baloratzen duzu?

Tamalgarria da. Beti bezala, EAJk bere interes propioei egingo die so, eta ez gipuzkoarren interesei. Manipulazio kanpaina basatia egin dute atez atekoaren aurka, nahiz eta gaikako bilketa izugarri handitu eta errauste planta bideraezin bihurtu. Haiek justu kontrakoa nahi dute, eta betikoa da. Mallorcan ere badago errauste planta bat herritarrak 2045era arte hipotekatu dituena. Union Mallorquinako agintari ustelek jarri zuten martxan, eta haiek espetxean bukatu dute, baina orain behartuta daude hondakinak erraustera, nahiz eta gaikako bilketa tasa oso handiak izan, kontratu blindatuak horretara behartzen dituelako. Eredu hori nahi dute Gipuzkoarentzat, munduan indarrean jartzen ari diren ereduen kontrako norabidean.

Nafarroan laborantza transgenikoa salatu duzue.

Tira, EAEren kasuan, transgenikorik gabeko erkidego izendatu du bere burua, eta hori ona da. Nafarroan, berriz, hazi transgeniko ugari erabiltzen da, eta hori mehatxua da bioaniztasunarentzat eta nekazaritza iraunkorrarentzat.

Berriz ere aipatu duzue Petronorren findegia, eta ez onerako.

Gogoratu behar da planta hori hondamendi bat dela ingurumenarentzat eta euskal kostaldearentzat, eta arriskuan ipintzen duela pertsonen osasuna.

Bi arrantza eredu antagonikoak ere aipatu dituzue.

Lehenik eta behin aipatu nahi izan dugu arrantza tradizionala, iraunkorra, mendez mende iraun duena, eta, horren aurka, arrantza industrial masiboa, natur baliabideak ez ezik enplegua ere suntsitzen duena. Etorkizunean, arrantzale guztiak langabezian utziko ditu, ez delako egongo zer arrantzatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.