hondakinak

Hondakinen auzian udalen hitza aintzat hartzeko eskatu diete Bilduko 482 hautetsik Gipuzkoako Batzar Nagusiei

EAJri, PSEri eta PPri elkar ulertzeko urratsak egiteko galdegin diete. Zero zabor politikaren alde egin dute koalizioko hautetsiek eta, haien arabera, Gipuzkoan ere ez da bideragarri errauste planta bat. 

mikel p ansa
2012ko ekainaren 28a
18:41
Entzun

Hondakinen auzian udalen hitza aintzat hartzeko eskatuz, eta EAJ, PSE-EE eta PP alderdiei, eta haiek Gipuzkoako Batzar Nagusietan duten gehiengoari zuzenduz, agerraldia egin dute herrialde horretako Bildu koalizioko hautetsiek, Donostian. 482 kargu publikoren izenean, Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak irakurri dute agiri bat. "Gipuzkoako bi gehiengoak elkar ulertzera behartuta gaude, ez daukagu beste aukerarik". Bilduk udaletan eta mankomunitateetan "gehiengo instituzionala" duela ohartarazi dute: "Batzar Nagusiei eskatu nahi diegu gaur hemen azalarazi dugun gehiengoa kontuan hartzeko, eta elkar ulertzeko urratsak egiteko".

Gipuzkoako instituzio publiko "gehienek" zero zabor politikaren alde egin dutela eta horretarako eskuduntzak badituztela gogorarazi dute Zabalok eta Agirrezabalagak. Birziklatze tasak %30etik gora eramatea eta, "anbiziosoak" izanez, %80ra iristea helburu dutela azaldu dute: "Hainbat herritan ikusten ari garen bezala, posible baita %80ko birziklatzea lortzea, eta horretara goaz".

Europak agindutako bidetik, hondakinak baliabide gisa tratatu behar direla azaldu dute hautetsiek, ez zabor gisa: "Egungo eredua agortua dago, eta ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik ez da iraunkorra". Hondakinen errausketa Europan "iragana" dela adierazi dute. Zabalgarbiko errauste plantaren bidegarritasuna ere airean dagoela, eta horrek zer pentsatua eman behar lukeela ohartarazi dute.

Gipuzkoan ere ez da bideragarri errauste planta bat, Bilduren esanetan: "Jaio aurretik hilda dago: batetik, gure herrietan ez dugulako apenas errefusarik sortuko, eta kopuru hori ez delako aski izango errauste planta bat bideragarri egiteko, ez handi bat, ez txiki bat".

Gipuzkoako Foru Aldundiak zabortegiak ixteko eta errauste planta ez eraikitzeko asmoa agertu duelako pozik agertu dira koalizioko hautetsiak; hori da gipuzkoarren gehiengoaren nahia, haien esanetan. Berretsi dute errauste planta bat eraikitzeko "euro bakar ere" ez dutela jarriko Bilduk gobernatutako udalek, eta hondakinak kudeatzeko diputazioak aurkeztutako kudeaketa planarekin bat egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.