HONDAKINEN KUDEAKETA. ERRAUSKAILUAK. Agintariek errausteko planten alde egin dute zaborrak kudeatzeko

Bizkaian martxan da Zabalgarbi proiektua eta Gipuzkoan labe bat edo bi aurreikusten dira aldundiak partzuergoei mahai gainean jarritako aukera guztietan

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
2003ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoan zabortegiarenak egin du. San Blaskoa ixteko bidean dago, eta laster iritsiko zaie txanda San Marcoskoari eta Lapatxekoari. Agintariek eurek aitortzen dute egoera «kezkagarria» dela. Ez badute berehala neurriren bat hartzen, 2006. urtean ez dute jakingo zer egin Donostialdea eta Bidasoa-Txingudiren arteko eremuan bizi diren gipuzkoarren %60 baino gehiagok sortutako zaborrekin.

Ezin da ahaztu gaur egun, ez Tolosaldeak, ez Debagoienak ez daukatela zabortegirik, eta hondakinak Goierriko Sasietakoan botatzen dituztela. Adabakia baino ez. Izan ere, Ormaiztegikoa agintariek eurek uste zutena baino azkarrago ari da betetzen eta harenak ere 2009. urtean egingo du.Horrek guztiak hondakinen gaineko ardura sortu du. Ardura ez ezik, baita eztabaida ere. Gizarte eragile gehienek onartzen dute zabortegiak gutxitu egin behar direla, baina guztiek ez dute agintariek bezala errausteko planten aldeko horren apustu garbia egiten. Horregatik, orain arte Bizkaian Zabalgarbi proiektuagatik pil-pilean egon den eztabaida eta ika-mika indarberritzeaz batera, lurralderik lurralde zabaldu da.Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian onartu zuen Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusia 2002-2016. Duela bi urte, 2000n, gipuzkoarrek 400.000 tona zabor sortu zituzten eta horiei guztiei erantzun egin behar zitzaien. Egitasmo horretan, helburuak eta bitartekoak zehaztu ostean, hondakinen kudeatzea eramangarri egiteko hainbat aukera marraztu ziren.

Errausteko labea aukera guztietan agertzen da

Aukerak aukera, guztietan agertzen ziren labeak. Energiaren berreskuratzea aitzakia, errausteko planta bat, bi edo hiru aurreikusten ziren, azkenean hobetsitako aukeraren arabera.

Kontua da aldundiak ez duela hondakinen kudeaketari buruzko eskuduntzarik, horiek udalerrien edo euren artean sortutako partzuergoen esku daudelako, eta plana aurkeztu orduko Gipuzkoan bi errausketa labe egiteko erabakiak hartuta zeudela: Txingudin bat, eta San Marcoskoa Urnietan. Javier Ansorena Aldundiaren Ingurumeneko Zerbitzuburuak Berriari azaldutakoaren arabera, foru agintari berriek aurrekoen egitasmoa hartu, eta aipatu asmo bien arduradunak mahai baten inguruan bildu zituzten, ahal izanez gero behintzat, proiektuok plan nagusiaren barruan sartzeko.«Gauza ez da errausteko labeak egitea, egiteagatik, baizik eta dauden beharren eta, aukeren arabera, zenbat egin behar diren eta non guztion artean ikustea», azaldu du Ansorenak. Foru agintariak Alemaniari begira ei daude. Diotenez, herrialde hartan berdeak gobernukide direnetik, bertakoa da Europako Batasunean ingurumena gehien jagoten duen lurraldea.Handik ekarri dute zaborren aurretratamendu mekaniko-biologikoa deitutako sistema. Hori zer da? Ansorenak berak eman ditu azalpenak: «Zabortegian gertatu ohi diren biodegradazio prozesuak kanpoan aurreratu eta eragin, hortik ateratzen diren zatiki ez-biodegradagarriak errausketara bideratzeko», gaineratu du.Zabortegira berreskuratu, birtziklatu edo erre ezin direnak bakarrik botako dituztela diote. Erretzeko zeuden aukerak ere aztertu dituzte: Cementos Rezola enpresak daukan labea batetik, Pasaiako zentral termikoarena, bestetik. Biak gainezka daude, baina. Ansorenak azaldu duenez, Foru Aldundiak argi dauka errausteko labea egin egin beharko dela. Zenbat eta non, hor daukate eztabaida partzuergoekin.

Agintariak eta ekologistak aurrez aurre daude

Horixe da, hain zuzen, agintariak eta talde ekologistak aurrez aurre ipintzen dituena, Foru Aldundiaren egitasmoan zehazten diren aukera guzti-guztietan errausteko planta ezinbestekoa delako. Egitasmo Nagusian bertan azaltzen dutenez, errausteko planta «eramangarritasun estrategiaren barruan» sartzen dute, «berriztagarriak ez diren energien kontsumoa saihesten duelako, baztertutako hondakinen tratamenduaren bitartez».

Ansorenak berak halako azpiegituren aldeko apustua egin duela aitortzen du. Nabarmendu duenez, gaur egun eraikitzen diren planta guztiek betetzen dituzte Europako Batasunak «ingurumenaren babesa eta osasun publikoa bermatzeko hondakinen errausketari buruz jarritako isurpen muga zorrotzak».Adibide gisa aipatu du Gipuzkoa osorako aurreikusitako planta batek dioxina gutxiago sortuko lituzkeela 25 urtean 90eko hamarkadaren amaieran Gipuzkoan itxitako planta zaharrak sortzen zituenak baino, hau da, 25.000 tona urteko. Aintzat hartu behar da planta berri horrek urteko 300.000 tona hiri hondakin jasoko lituzkeela, aurreikuspenen arabera. Planta hori gainera ahalmen askoz txikiagokoa zela gogoratu du: 25.000 tona urteko.«Kopuru horiek adierazten dutenez, errausketa substantzia horien isurpen txikiena egiten den sektoreetako bat da, eta trafikoaren edo beste industria batzuen azpitik dago», azpimarratu du foru teknikariak.

Gipuzkoak errausteko planten sistema aukeratu du

Gipuzkoarrek zaborren balorizatze energetikorako ohiko sistemaren alde egingo dute: 30 tona zabor erreko dituzte orduko, hortik 12 megawatt energia ateratzeko. Bizkaian asmo are handiagoko egitasmoa egiten ari dira. Foru Aldundiko Ingurumen Sailekoek ez diote adierazpenik egin nahi izan Berriari, eta hondakinei buruz 1997-2001 urteetarako egin zuten Plan Nagusia igorri dute.

Zabalgarbi enpresakoek, berriz, euren egitasmoaren defentsa sutsua egin dute: «Teknologia berriaren bidez, ohiko planta baten aldean, efizientzia handia lortu ahal izango da, energia gehiago aurreztu ahal izango da, ingurumen-eragina txikiagoa izango da, tratamendu-kostuak gutxitu egingo dira, eta baliabideak zaborrak, gasa eta energia hobeto kudeatu eta erabiliko dira, sortu eta kontsumitzen diren lekuetan bertan».

Izan ere, arinago aipatutako 30 tona zabor errez 95 megawatt sortuko dituzte. Hori bai, zaborrarekin batera gasa erreko dute argindarra egiteko.Gipuzkoako Foru Aldundiak urte amaierarako agindu du txostena. Hor proposatuko dute aurretratamendu mekaniko-biologikorako zenbat planta ipini, eta zenbat errausteko labe. Azkeneko erabakia orduan artuko bada ere, Javier Ansorena Gipuzkoako Aldundiaren Ingurumeneko Zerbitzuburuak berak aurreratu du azkenean, seguruen, errausteko planta bi ipiniko direla, bat Donositaldeko zaborren azken hondakinak erretzeko eta, bestea, herrialdeko gainontzeko herrietakoentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.