GAIA hondakinen errausketaren aurkako munduko mugimenduko Europako ordezkaria da Joan Marc Simon kataluniarra. Atzo mugimendu horretaz hitz egin zuen Bergaran, Gipuzkoa Zero Zaborrek antolatutako hitzaldian.
Gipuzkoan errauste planta bat eraikitzen hasteko hitzarmena sinatu berri dute.Errauste plantak ez direla beharrezko diozu zuk. Zergatik?
Garapen bidean dauden herrialdeentzat, errausketa atzerriko teknologia da, mendekotasuna eragiten diena eta garestia. Eta gainera ez die balio, batik bat materia organikoa ekoizten dutelako. Eta hori beren kasa kudeatzen dute. Herrialde industrializatuetan, berriz, errauste plantak ez dira beharrezko, aurreko prozesuak ondo egiten badira. Birziklatzea garrantzitsua izanda ere, garrantzitsuagoa delako hondakinen kopurua murriztea. Usurbilgo kasuak erakusten du gauzak ondo eginez gero ez dela beharrezkoa errauste planta.
Errauste planten bideragarritasuna zalantzan dago?
Krisiaren ondorioz, hondakinen kopurua murriztu egin da Europan, eta errauste plantek gainahalmena dute. Alemanian, Belgikan, Danimarkan eta beste ari dira ikusten hondakinak murriztu egin dituztela eta gero eta gehiago birziklatzen dutela. Eta errauste plantak ixten hasi behar izan dute. Gaur egun, garai batean birziklaezinak ziren materiak birziklatzen dira. Olioak, pneumatikoak... zirkulua ixten ari gara, eta hala izanik, ez da errauste plantarik behar.
Hortaz jabetzen dira gobernuak?
Herrialde aurreratuenetan, industria eta baliabide politikaren parte da hondakinen politika. Flandrian, adibidez, hondakinak ez sortzeko politikak dauzkate abian, eta birziklatu ahal izateko diseinatzen dute den-dena. Hemen, ordea, hondakinak arazo bezala ikusten ditugu, eta horri aurre egiteko, errausketa irtenbide gisa aurkezten dugu. Eta Europatik datorren politika ez da hori. Baliabideen kudeaketa iraunkorraren bidean, Danimarkan eta Belgikan ari dira plangintzak egiten ekonomian sartzen den guztia bertan gelditzeko. Eta hondakinak ez sortzeko. Horrek kostu bat dakarrelako. Hemen, berriz, ez dakigu zer egin hondakinekin, eta erre egiten ditugu.
Gaur egungo ekoizpen sistemekin posible dira zero zabor politikak?
Bizi garen eredu kontsumista ez da iraunkorra. Baina aldaketa gertatzen ari da. Erregaien eta materien prezioa igotzen ari da, eta gero eta garbiago dago etorkizuneko ereduak beste bat izan behar duela. Eta zero zaborra ezinbestekoa da. Horrek ahalbidetuko duelako ekonomiak sortzen duena ekonomian bertan geratzea. Kanpoko energia iturrien beharra daukagunoi asko interesatzen zaigu ekoizpen prozesuaren zirkulua ixtea. Urte batzuk barru ez da baliabide nahikorik egongo, eta materialak modurik eraginkorrenean kudeatzen dituzten herrialdeek egingo dute aurrera.
Errauste plantarik gabe hondakinen arazoa ezin dela konpondu dio Gipuzkoako Diputazioak.
Interes politiko nabarmenak daude tartean, baina ez dut uste horiek bat datozenik Euskadik epe ertain edo luzean izan ditzakeenekin. Errauste plantaren kostua herritarrek ordainduko dute, eta, gainera, hogei urtez atzeratuko da materien ekoizpenaren zirkulua ixtea.
Atez atekoari inposizio deitzen diote.
Ikerketa guztiek diote emaitzarik onena ematen duen sistema dela atez atekoa. Eta askatasunaz hitz egiteak grazia egiten dit. Inork ez du aukeratzen ura edo elektrizitatea ordainduko duen. Eta hondakinak kudeatzeko modua ez da askatasun kontua, etorkizuna baldintzatzen ari garelako.
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak dio errauste plantak ingurumenarekin errespetua izango duela. Posible al da hori?
Isuriak badira. Eta isuri toxikoak dira. Ez dago munduan nanopartikulak jasoko dituen errauste plantarik. Horiek dira arriskutsuenak eta urrutien bidaia dezaketenak.
Espainiako Gobernuak onartu berri du hondakinen legearen aurreproiektua. Zer iruditu zaizu?
Gutxienekoa egin dute. Europako arauak jaso eta horien araberako plangintza bat egin. Gehiagorako asmorik gabe. Pena da, Katalunian bezala hondakin organikoen bilketa bereizia derrigortzeko aukera zegoelako. Edo gutxienez, Alemanian, Flandrian eta Austrian bezala, organikoak biltzeko helburuak jartzekoa. Baina alderdi horretan Europaren mailan jarriko bagina, Zubietako errauste plantaren gaitasuna %60-80 murriztu beharko litzateke.
Joan Marc Simon. GAIAren Europako koordinatzailea
«Hondakinen kudeaketarekin etorkizuna ari gara baldintzatzen»
Europan hondakinak murrizteko politikak abian jarri direla eta zero zaborraren alde egiteko ordua iritsi dela dio Simonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu