Hondakinen lege berria onartu du Espainiako Kongresuak

Erabilera bakarreko poltsak ordezkatzea eta beirazko ontzi hutsak itzultzea dago berritasunen artean

Gasteiz
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Hondakinen eta Lur Kutsatuen Legea onartu zuen atzo Espainiako Kongresuak. Legeak 2018ra bitarteko egutegi bat ezarri du erabilera bakarreko plastikozko poltsak ordezkatzeko. Gainera, kristalezko ontziak itzultzeko sistema zaharra indarrean jarri dute berriz ere; kontsumitzaileak botilarengatik ordaindu duen kopuru bat —oraindik zehazteko—jasoko du trukean.

Era berean, 2015. urtea baino lehen, hondakinetatik eratorritako materialak jasotzera behartuko du lege berriak, besteak beste, papera, plastikoa, beira eta metalak.

Eztabaida handia sortu du kristalezko ontziak itzultzeko sistema berriro ezartzeak. PPko Maria Teresa Lara diputatuak, esaterako, gogorarazi du «gastu handia» ekartzen duen sistema izateagatik Frantziak eta Erresuma Batuak alde batera utzi zutela. EAJko Joseba Agirretxeak, ostera, legea «garrantzitsua eta beharrezkoa» dela adierazi du.

Espainian, 1998an jarri zuten indarrean Hondakinen Legea lehenengoz. Lege erreforma honekin, Espainiak 2020an materien %50 birziklatu beharko du. Eraikuntzako hondakinen kasuan, berriz, epe berberean %70 berrerabiltzeko helburua ezarri du, egun birziklatzen den %38tik urrun.

Erakunde ekologistek, oro har, urri iritzi diote legeari, eta «aukera galdua» izan dela adierazi dute, Amigos de la Tierrak, Greenpeacek eta Ecologistas en Accionek. «Penatuta» azaldu dira, legeak ez duelako jasotzen materia organikoaren bilketari buruzko helbururik, ez duelako debekatzen erabilera bakarreko plastikozko poltsen doako banaketa eta ez duelako baztertzen hondakinen errausketa. Dena dela, ontzat eman dituzte legearen beste puntuetako batzuk.

Luzapena erraustegiari

Gipuzkoako Diputazioak erraustegia eraikitzeko ezarritako luzapena «positibotzat» jo du Aralarrek. Hala eta guztiz ere, Batzar Nagusietakobozeramaile Rebeka Uberarentzat, Gipuzkoan «arazo larri» bihurtu da erraustegia, eta «ordezko konponbideak» behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.