Ibai Labaien, Kattalin Noblia eta Marilena Castillo Bilduko Hondarribiko zinegotziek dimisioa aurkeztu dute, koalizioko udal taldeko Juan Ortiz Armendarizek dimisioa emango duela iragarri eta gero. Andreak soilik kantinera gisa onartzen dituen alardean hartu zuen parte Ortizek; kargua utziko du, Bilduk ohartarazi eta gero alarde horretan ateratzea koalizioaren filosofia eta praktika politikoekin bateraezina dela.
Gaur plazaratutako ohar batean, Bilduko Hondarribiko udal taldeak babesa adierazi dio Ortizi, eta zinegotzietako hiruk erabaki dute eurek ere kargua uztea. Dimisioa aurkezteko arrazoiak azaldu dituzte ohar horretan.
Adierazi dutenez, Ortizek Betiko Alardean parte hartzeko asmoa adierazi zuen unean bertan jarri zuen bere kargua mahai gainean. Hondarribiko Bildu osatzen duten alderdiek nahiz udal taldeak ez zuten dimisioa onartu: "Gure uste sendoa zen dimisioa onartzeak ez ziola mesederik egingo egiten ari ginen lanari, ezta azkeneko hamazazpi urteko ahaleginen ondoren herrian sumatzen zen lasaitze giroari ere. Indarrak batzeko eta giroa baretzeko baino gehiago, dimisioa onartzea egoera okertzeko izango zela pentsatzen genuen".
Alarde parekidearen alde udal taldeak eta Ortizek berak eginiko lana nabarmendu dute dimisioa aurkeztu duten zinegotziek: "Legealdiaren hasieratik borrokatu gara Hondarribia euskaldun baten alde, behar gehien duten hondarribiarren alde, justiziaren alde, herriak daraman norabide eskuindarraren aurka, eta, noski, emakumeen eskubideen alde".
Bost zinegotzi ditu Bilduk Hondarribian; Ortizi gaur dimisioa aurkeztu dutenak batuta, lau dira kargua utziko dutenak.