Hondarribiko alardea

Hondarribiko EAJk eta PSEk Alarde Fundazioaren egoitzan eginiko margoketa salatu dute

Alarde baztertzailea antolatzen duen taldeari elkartasuna adierazi diote bi alderdiek, eta «erasoa kondenatu» dute.

Alarde Fundzioaren egoitzaren ataria, atzo. HONDARRIBIKO UDALA
2019ko azaroaren 26a
20:11
Entzun

Hondarribiko Udalak ohar bat plazaratu du Alarde Fundazioaren egoitzan atzo eginiko margoketa gaitzesteko. Pintura morea jaurti zuten haren logoa duen zeinura. Horren ondoan, emakumeen sinboloa zegoen margotuta atean, eta baita «A25» mezua ere, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko atzoko egunari erreferentzia eginez. Alarde Fundazioak antolatzen du Hondarribian emakumeak baztertzen duen desfilea.

«Hondarribiko EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeak atsekabetuta gaude atzo Alarde Fundazioaren egoitzari egindako erasoagatik eta kondenatu egiten dugu», idatzi dute oharrean. Taldeari «solidaritatea», adierazi diote bi alderdiek. «Begirune eta zibismo eza ez dira, eta ez dira inoiz, inolako kausa aldarrikatzeko bidea izango».

Hondarribiko Udalak emakumeen aurkako indarkeria salatzeko egunarekin bat egin zuela gogoratu dute oharrean. Udal talde guztiek sinatutako adierazpen instituzionala plazaratu zuen erakundeak atzo.

Halako ekintzek «elkarrizketarako giro emankorra» eraikitzen laguntzen ez dutela gaineratu dute oharrean.

Abotsanitz Udal Taldeak ere «mezu pribatuz» elkartasuna adierazi dio Alarde Fundazioari, «ez dugulako uste gatazkaren konponbidean horrelako ekintzek lagundu dezaketenik». Taldea kexu da, ordea, EAJk eta PSEk ez diotelako aukerarik eman testua adosteko, ohar batean azaldu duenez. «Tristuraz ikusten dugu adostasuna bilatzeko behar adinako esfortzua ez delako egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.