Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) herri horretako aireportuari dagoen bezala eutsi nahi dio, luzatu gabe, eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak luzapenaz lortu duten akordioa kritikatu du. Hala, aireportuaren "eraginkortasuna bermatu" nahi du Udalak.
Aitor Kerejeta alkateak aireportua berrehun metrotan luzatzea gaitzesten duen adierazpen instituzionala irakurri du gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Agiria Udaleko alderdi guztiek sinatu dute, PSE-EEk izan ezik. "Arazo operatibo, tekniko eta ingurumenari dagozkionak" daudela argudiatu dute kontra daudenek.
Udalak dituen datuen arabera, proiektua aurrera eramateko hiru etxebizitza eta hainbat pabilioi desjabetu beharko lirateke. Horrek bizilagunen artean "segurtasun eza" sortu duela adierazi du Kerejetak. Ingurumenari begira ere arazoak sortuko lituzkeela uste du, aireportua luzatzeak Jaizubia guneari eragingo liokeelako.
Kerejeta Madrilera joan zen herenegun, Jaurlaritzarekin eta Sustapen Ministerioarekin aireportuaren luzapenari buruzko bilerara. "Itxita zegoen akordioa" topatu zuela azaldu du -berrehun metro luzatuko lukete- eta Hondarribiko Udalarekiko izandako “leialtasun instituzional eza” eta “errespetu urria” salatu ditu.
Hondarribiko alkatea, Irungoarekin (Gipuzkoa) eta Hendaiakoarekin (Lapurdi) batzartuko da gaur arratsaldean. Mendeluko auzoko bizilagunekin hurrengo astean bilduko da -aireportuaren luzapenak gehien eragingo dion gunea da-.
Azpiegiturak
Hondarribiko Udalak aireportua luzatzeko akordioa kritikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu