Joan den irailaren 8an Jaizkibel konpainia parekideak Hondarribiko (Gipuzkoa) Kale Nagusian jasandako jazarpena gaitzesteko, mozio bat aurkeztu du EH Bilduk Hondarribiko udalbatzan, eta gaurko osoko bilkuran aztertu dute. Alardearen egunean gertatutakoa "eraso bortitz bat" izan zela dio koalizioaren testuak: plastiko beltzen atzean jarri zirenak konpainia mistoaren desfilea "eragozten" saiatu zirela, txilibituak eta sirena hotsak erabiliz.
"Edozein medikuk onartuko luke zarata eraso fisiko bat dela. Oldarraldi horrekin talde horrek bizikidetzarako behar den gutxiengo errespetua askogatik apurtu du", adierazi dute. Hori dela eta, udalbatzari eskatu diote erasoa gaitzesteko eta bete eskura dagoen guztia egiteko halakorik berriz gerta ez dadin.
Gainerako alderdiak ez dira ados agertu koalizioaren testuarekin, eta mozio bana aurkeztu dute. Azkenean, EAJk eta PSEk elkarrekin eraman duten testua onartu dute, bi alderdion botoekin: gehiengo absolutua dute jeltzaleek, hamar ordezkarirekin, eta bakarra dute sozialistek; EH Bilduk eta PPk aurka bozkatu dute, eta Abotsanitz abstenitu egin da.
EAJ eta PSE "bizikidetzari kalte egiten dioten irain, istilu eta eraso guztien aurka" agertu dira, eta "alardea ulertzeko moduak errespetuz hartu beharra" aipatu dute. Era berean, "aldekotasuna" adierazi diote Hondarribiko Alardeari, "gure hiriaren ondasun inmaterialaren adierazpen nabarmenena" delako, eta "hondarribiarrek emana dioten gizarte zilegitasuna" baduelako.
Blkura jendetsua izan da: 80 pertsona baino gehiago sartu dira aretoan, eta batzuek zutik geratu behar izaten dute; izan ere, alarde baztertzailearen aldekoek egina zuten bertara "masan" joateko deia, "presio egitera". Gai ordena aldatzea ekarri du du hainbeste jende biltzeak: hamahirugarren puntua zen EH Bilduren mozioa, eta hasieran jorratu dute azkenean. Lasai antzean joan da eztabaida, baina une batzuetan aretoan isiltasuna eskatu behar izan du Txomin Sagarzazu alkateak, batik bat EH Bilduko eleduna mintzatu denean, publikoan zeudenek barrez moztu dutelako.