Hondartzetako 'normaltasun berrirako' gida eman du Jaurlaritzak

Hondartzak eta bainurako eremuak irekitzeko —igerilekuak, errekak, aintzirak...—, haien jabeek edota instituzio publikoek egokitzapenak eta planak egin beharko dituzte. Irizpide sorta bat eman die Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikorako Zuzendaritzak, gida batean.

Hondarribiko hondartza, aurreko astean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2020ko maiatzaren 20a
20:46
Entzun

Ura ukitzeagatik kutsatzea ez dela oso gertagarria azaldu du Jaurlaritzak txostenean; hondartza, erreka, igerileku, laku eta halakoetan COVID-19arekin kutsatzeko arriskurik handiena pertsonen arteko kontaktuan sumatzen du, ordea. Horregatik, ezinbestekotzat jo ditu herritarren erantzukizuna eta jokabide arduratsua. Aisialdi leku horien kudeatzaileei, berriz, aholku edo irizpide hauek eman dizkie:

—Jendea pilatzea eragozteko neurriak hartzea. Besteak beste, sarrera-irteerak berrantolatu beharko dituzte, eta zenbat jende batera bainatu litekeen zehaztu, edukiera kontrolatzea posible den lekuetan.

—Ordu jakin batzuetan adin jakin batzuetakoei lehentasuna ematea.

—Hareatzan paseatu nahi dutenentzat, zirkuituak eta ordutegiak antolatzea.

—Jende asko bil daitekeen orduetan taldeko kirolik ez onartzea hondarretan.

—Ezinbestekoak ez diren material eta ekipamendu guztiak kentzea —komunak, aldagelak, dutxak, hamakak...—; eta, bere hartan uztekotan, maiz garbitzea —egunean gutxienez lau aldiz desinfektatu beharko liratekeela dio gidak—.

—Hamaken erabilera debekatzea ere aholkatu du; hala ere erabiltzea erabakiz gero, telak, koltxoiak eta halakoak kentzea, eta maiz garbitzea.

—Aisialdi leku horietako kudeatzaileek langileentzako arriskua ebaluatu beharko dute, eta segurtasuna bermatzeko planak egin.

Herritarrei ere eman dizkie aholku batzuk Osasun Publikorako Zuzendaritzak:

—COVID-19ak sortutako sintomen antzekoak izanez gero, ez ateratzea etxetik.

—Distantzia fisikoa mantentzea; bizikideak ez direnekin, gutxienez bi metroko tartea uztea, hala uretan, nola uretatik kanpo.

—Eskuak maiz garbitu eta desinfektatzea, eta eskuak garbitu gabe aurpegia ez ukitzea.

—Ez partekatzea toallak eta halakoak; etxera joandakoan, garbitzea, bainujantziak bezala.

—Aisialdi leku horietan egonaldi motzagoak egitea, jende gehiagori aukera emateko.

—Adingabeak zaintzea.

Espainiako Gobernuak zehaztutako arintze planaren arabera, bigarrengo fasetik aurrera izango da posible hondartzak irekitzea; alegia, maiatzaren 25etik aurrera. Jaurlaritzak bigarren fasera aldatzeko eskaria egina dauka, eta Madrilek baiezkoa emango balio, egun horretatik aurrera hasi ahalko lirateke Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzak irekitzen —Lapurdikoak joan den astean ireki zituzten—.

Oraingoz, ibiltarientzat eta kirolarientzat soilik daude zabalik Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzak. Igerilekuak-eta itxita daude. Udal bakoitzak erabakiko du noiz, nola eta zer neurri hartuta irekiko dituzten. Donostiako Udalak, adibidez, esana dauka maiatzaren 25ean irekiko dituela hondartzak —Kontxakoa ez, oraingoz; kirola egitera soilik sartu ahal izango da, eta marea igotzean itxi egingo dute—. Bizkaiko Diputazioak, berriz, esana du hondartzak ekainaren 15etik aurrera zabaltzen hasi nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.