Ostiraleko Bulebarreko gertakarien ondoren, BERRIA.INFOk gaur desobedientziari buruzko mahai ingurua egin du. BERRIAren webgunean bertan ikusi ahal izan da zuzenean. Oihana Elduaien BERRIAko Politika saileko kazetariak aurkeztu du. Aurore Martin Batasuneko kide izateagatik auziperatua izandakoak, Beñat Apalategi absolbitutako gazteetako batekj eta Kontxita Beitia Frankismo garaiko ikastolen sortzaileetako batek parte hartu dute.
Beitiak eta Martinek saioaren hasieran nabarmendu dute atzeraezina dela aurreko hastean Bulebarrean sortu zen dinamika, eta gazteak atxilotu zituztela zapore gazi-gozokoa izan bazen ere, pozteko moduko zerbait dela gaineratu du Apalategik. "Guk bagenekien ez ginela ezkutatuko. Gu atxilotzera etorri behar badute, izan dadila jendez inguratuta gaudenean edo gauez etorri daitezela gure etxeetara".
Saioa gazteriaren parte-hartzearen beharra azpimarratuz amaitu da. Beitiak esan du gakoa eurengan dagoela, eta Martinek nabarmendu du gazteek helduen babesa behar dutela. Apalategik amaitu du esanez, Aske Guneako gertakarien azken ikurra gazteak izan badira ere, herri bat egon dela horren atzean.
Hiru gonbidatuak desobedientziaren gaiaz aritzeko gonbidatu ditu BERRIA.INFOk. "Lehen ikastoletako gurasoak intsumiso ikaragarriak ziren", esan zuen Beitiak BERRIAko Igandea gehigarriak orain dela hilabete bat egin zion elkarrizketan. Aurore Martinek, berriz, urtarrilean esan zuen jendearen mobilizazioari esker dagoela bera aske. Abenduan atera zen kalera Batasuneko kidea, bermea ordainduta.
Beñat Apalategi zortzi gazteen auzian absolbitu zutenetako bat da, eta ostiral goizean bertan esan zuen Bulebarrean bizitakoa, "herriaren erantzuna", ikaragarria izan zela. "Herri honek badu gaitasuna epaiketa politikoak gelditzeko".