Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hoteletako betetze mailak behera egin du abuztuan, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta. Hoteletako gelen %61,8 beteta egon da, batez beste, hilabetean zehar. Iaz, betetze maila %68,26koa izan zen eta, hortaz, 6,5 puntu jaitsi da aurten. Lurraldeen artean, Gipuzkoak eta Arabak izan dituzte turista jaitsierarik apalenak -%4,15 eta %5,54, hurrenez hurren-; Nafarroako eta Bizkaiko hoteletan gehiago nabaritu da bezero galera, Nafarroan %8,24, eta Bizkaian %7,92 jaitsi baita gelen betetze maila. Herrialdeen artean aldeak nabariak dira. Abuztuan, Gipuzkoako hoteletako gelen %78,93 beteta egon den bitartean, Arabako eta Nafarroako hoteletako gelen betetze maila %52,14koa, eta %52,95koa izan da. Bizkaiko hotelek %63,17ko betetze maila izan dute.
Espainiako Estatistika Institutuak atzo argitaraturiko datuek baieztatu egin dituzte ostalaritza sektorearen azken hilabeteetako beldurrak. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hotelentzat hilabete txarra izan zen ekaina: 2007ko ekainean baino 18.000 bisitari gutxiago jaso zituzten. Hoteletako betetze maila ere %5,6 jaitsi zen, aurreko urteko hilabetearekin alderatuta. Uztailean ere behera egin zuen bisitari kopuruak eta, harekin, hotelen betetze mailak. Argitaratu berri diren abuztuko datuen arabera, ez du ematen sektorea burua altxatzeko bidean denik.
Bisitari kopurua ere behera
Aurtengo abuztuan Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa bisitatu duten lagunen kopuruak ere behera egin du. 2007ko abuztuan 322.914 turistak igaro zituzten oporrak Hego Euskal Herrian. 2008ko abuztuan 313.460 izan dira. Hortaz, 9.454 turista gutxiago izan dira aurten. Bisitarien kopurua %2,9 jaitsi da.
Bisitari galera handiena Bizkaiak izan du: 7.334 gutxiago izan dira hoteletan. Nafarroan iaz baino 4.715 turista gutxiago izan dira, eta Araban 215 gutxiago. Gipuzkoak kontrako joera izan du, dena den, eta 2007ko abuztuan baino 2.810 lagun gehiagok hartu du ostatu herrialde horretan.
Turistek hoteletan eman dituzten gauen kopurua ere jaitsi da. 2008ko abuztuan 645.590 gau igaro dituzte turistek Hego Euskal Herrian, iaz baino 27.502 gau gutxiago. Iazko abuztuko datuekin alderatuta, %4,1 jaitsi da turistek hoteletan emandako gau kopurua. Gipuzkoak eutsi dio jaitsierari, iaz baino 6.746 gau gehiago igaro dituzte, herrialde horretan, turistek. Gainerako hiru herrialdeetan behera egin du igarotako gauen kopuruak.
Hala ere, turisten batez besteko egonaldia ez da ia aldatu. Bakoitzak 2,02 gau igaro ditu Hego Euskal Herrian; iaz 2,07 gau igaro zituzten. Gipuzkoara joaten diren turistek egiten dituzte egonaldi luzeenak: 2,23 gau. Nafarroara doazenek 2,04 gau egiten dituzte; Bizkaira doazenek 1,96; Araban 1,88 gauekoa da batez besteko egonaldia.
Hotel eta ohe gehiago
2007ko abuztuan 664 hotel zenbatu zituen Espainiako Estatistika Institutuak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. Aurten 696 zenbatu ditu. 32 hotel gehiago daude zabalik, hortaz. Hego Euskal Herriko hotelek 34.420 lagunentzako lekua dute lotarako. Oheen kopuruak ere gora egin du iaztik hona: aurten 1.701 ohe gehiago daude. Ohe kopurua igotzeak ere eragin du hotelen betetze mailaren beherakada nabarmenagoa izan dadin. Guztira, 6.204 lagunek lan egin dute ostatu horietan abuztuan.
Bisitarien beherakadari eutsi diete landetxeek, hotelek ez bezala. Abuztuko oporretarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landetxeak aukeratu dituzten turisten kopurua %3 igo da, iazko abuztuarekin alderatuz. Bizkaian %11 igo zen bisitarien kopurua eta, bien bitartean, %10 jaitsi zen Araban. Landetxeetan turistek igarotako gau kopuruak ere gora egin du, %1. Hala ere, jaitsi egin da turistek landetxeetan emandako batez besteko gau kopurua: iazko abuztuan 4,77 gau igaro zituen turista bakoitzak, aurten 4,65ekoa izan da batez bestekoa.
Espainiarrak eta katalanak
Hego Euskal Herrira turismo egitera datozen lagunetatik %26 dira espainiarrak. 2008ko abuztuan 81.400 turista inguru etorri ziren Espainiatik, gehienak Madril eta Andaluziatik. Aurten 8.000 turista gutxiago etorri dira, hala ere herrialde horretatik. Espainiarren ostean, Euskal Herrira turismo egitera datorren talde handiena katalanena da. Abuztuan 62.000 inguru izan dira Hego Euskal Herrian; iaz baino 6.500 gutxiago etorri dira, hala ere. Katalanak turisten %19,7 izan dira aurten.
Turista espainiar eta katalanen jaitsieraren aurrean, beste herrialde batzuetatik etorritako bisitari kopuruaren igoerak hobetu ditu datuak. Barne turismoak ere eragin du abuztuko datu txarren eragina murrizteko. Abuztuan, turisten %12,9 Araba, Bizkai, Gipuzkoa edo Nafarroakoa izan da. Hego Euskal Herriko hoteletan abuztuan ostatu hartu duten euskal herritarrak 40.300 inguru izan dira, iaz baino 2.100 gehiago.
Hoteletako betetze maila %6,5 jaitsi da abuztuan Hego Euskal Herrian
Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan iaz baino 9.454 bisitari gutxiago izan dira abuztuan, %2,9 gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu