Zeru oskarbiak eta ipar haize zorrotzak ekarri behar zutena ekarri zuten atzo: hotz handiagoa. Bizkaiko mendebaldean termometroak 3 gradutaraino iritsi baziren ere, lurraldean ekialdera eta hegoaldera egin arau jaitsi ziren tenperaturak. Iruñean eta Gasteizen 0 gradura iritsi ezinik egon ziren termometroak. Eta gaur goizaldean berriro jaistekoa zen tenperatura. Hala iragarria zegoen gaurko: Gasteizen -9 gradura jaitsiko dela, eta Iruñean -10era. Berriro ere nabarituko da berogailuen erabileran —ostegunean %23,8 handitu zen gas naturalaren kontsumoa Nafarroan—.
Hotzari gutxiago gelditzen zaio baina. Gaur goizalderako espero ziren tenperatura hotzenak, eta eguerdirako zerua lainoz estaltzen hastekoa da. Tenperatura epelduko da, beraz, eta meteorologia agentziek elurra iragarri dute epeldu ordurako; kostaldean ere bota dezake. Iluntzearekin, elurra gorago egingo du, eta kostaldeko eguraldia baretu egingo da. Euskalmetek adierazi du igandean hobera egingo duela giroak, epeldu egingo duela eta prezipitazio gutxiago izango direla. Bihar ere elurra 200 bat metrora egin dezakeela adierazi duen arren, iluntzerako 700 metroraino igoko dela erantsi du. Datorren asteazkenean beste fronte hotz bat etor daitekeela ere azaldu dute meteorologia agentziek.
Hotza bai, baina aparteko elur erauntsirik ez zuen utzi atzoko egunak. Osteguneko elurrak izoztu egin ziren, ordea, eta hortik etorri ziren beldur handienak. Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plaza itxirik eduki zuten, oinezkoek irrist egin eta minik har ez zezaten. Bideak garbitzeko, bestalde, hogei langabe hartu zituen Gasteizko Udalak. Salburuko eta kanpo aldeko beste auzo batzuetan ibili ziren, errepideak eta bide bazterrak txukuntzen.
Udalen ahalegin handiena hori izan zen atzo: oinezkoentzako eta zirkulazioarentzako kalteak gutxitzen ahalegintzea. Bilbokoak azaldu du 175 tona gatz bota eta 144.000 litro gatzun isuri dituela kaleetan egunotan; Donostiakoak 65 gatz tona bota ditu. Iruñeko Udala pronto dago egoerarik makurrenerako ere: 500 tona gatz prest dauzka biltegietan. Atzo itxita jarraitzen zuten Herrerako (Araba) eta Belaguako (Nafarroa) mendateek, baina errepide sare nagusian ez da arazorik sortu.
Etxerik gabe kalean bizi direnekin da kezka handia egunotan. Udalek lokalak egokitu dituzte haientzat, eta betetzen ari dira. Donostiako Udalak adierazi du Monseko Abegi Etxean «jende asko» dagoela egunotan. Bilboko Udalak jakinarazi du Mazarredoko aterpean 85 bat etxegabe ari direla lo egiten. Mazarredoko aterpean lo egiteko lekuak bikoiztu egin zituen udalak, hain justu. Barakaldoko Udalak (Bizkaia) kiroldegiko gela bat egokitu du etxegabeak hartzeko.
Gaur-biharretan mendirako ez dela girorik izango ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Euskal Mendizaleen Federazioak: asteburuan mendira ez joateko eskatu dute, elurrarekin eta izotzarekin arrisku handia dagoelakoan. Asteburuko eskola kiroleko jarduerak ere bertan behera gelditu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Nafarroako 160 bat ikasleri bai, eragin die hotzaldiak. Zudairiko Las Amescoas eskola publikoa itxi egin zuten atzo, garraio zerbitzua ezin zelako ibili. Agoitz, Betelu, Elizondo, Lizarra, Goizueta, Larraintzar, Leitza, Lekaroz eta Doneztebeko ikasleek ere arazoak izan zituzten eskolara joateko.
Europan, 200 hildako
Hotza desmasia handiak eragiten ari da Europan, ekialdean batik-bat. Ukrainan 101 lagun hilak ziren, atzorako, muturreko tenperatura hotzek eragindako egoeraren ondorioz. Polonian 37 herritar hil dira; termometroak 35 gradura amildu ziren atzo goizaldean.
Hotzago oraindik
Aurreko hotzak gainditu, eta tenperaturarik hotzenak gaur goizalderako espero dira; eguerdirako, berriro ere elurra iragarri duteIzotzak ez du arazo nabarmenik eragin errepideetan, eta zabalik da sare nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu